Bularreko minbiziaren inguruko hainbat jarduera antolatu dituzte Emakumeen Etxeak eta Minbiziaren Aurkako Elkarteak, ongizate emozionala, elkarrekiko laguntza eta autozainketaren garrantziari buruzko hausnarketa sustatzeko. Egitasmoaren barruan, bi topaketa egingo dituzte, eta horiez gain, herritar guztientzako gune bat irekiko dute Emakumeen Etxean bertan, osasunari eta bizi ohitura osasungarriei buruzko hausnarketak partekatzeko.
Lehenengo topaketa bihar izango da eta bularreko minbizia duten emakumeei zuzenduta dago. Helburua da espazio seguru eta atsegin bat sortzea, parte hartzaileek haien bizipenak, emozioak eta gaixotasunari aurre egiteko estrategiak partekatu ahal izateko. Bigarrena, azaroaren 5ean egingo dute, eta hori senideentzat, lagunentzat eta laguntzaileentzat izango da. Saioak prozesu onkologikoan zehar akonpainamenduarekin lotutako esperientziak, kezkak eta baliabideak partekatzeko espazio bat eskainiko du, zaintzen eta laguntzen dutenen autozaintzaren eta ongizate emozionalaren garrantzia azpimarratuz.
Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologo Amaia Garrido Lizarraga dinamizatuko ditu saioak, eta Susana Esparzak ere hartuko du parte jardueretan. Izan ere, topaketetan jarduera artistikoak eta eskulanak egingo dituzte, adierazpen emozionala errazteko, sormena suspertzeko eta autoezagutza zein ongizate pertsonala bultzatzeko. Aipatu bi hitzorduak Emakumeen Etxean izango dira, 17:30etik aurrera, eta doan, baina aurrez izena eman behar da Minbiziaren Aurkako Elkartearen webgunean.
Era berean, Emakumeen Etxearen sarreran herritarrei irekitako gunea zabalduko dute, Minutu bat zuretzat, nola zaintzen duzu zeure burua? lelopean. Ekimen honek bularreko minbiziaren prebentzioan eta osasuna zaintzen eta ongizatea hobetzen laguntzen duten eguneroko ekintza txikietan jarri nahi du arreta. Hala, bertaratzen diren herritarrek mezuak, ideiak eta hausnarketak partekatu ahal izango dituzte adierazi beren burua nola zaintzen duten, zer ohitura osasungarri txertatzen dituzten egunerokoan eta zer garrantzi ematen dioten beren ongizateari.
Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziaren iritziz, garrantzitsua da bularreko minbizia bizi duten emakumeen esperientziak ikusaraztea eta haiekin doazenen beharrak aitortzea. "Jarduera hauekin zaintzaren begirada sustatu nahi dugu, norberaren ongizatea eta kolektiboa barne hartuko dituena, eta gogorarazi nahi dugu horri denbora eskaintzea ere garrantzitsua dela", nabarmendu du.