Malen Monasteriok bi brontzezko domina lortu ditu Europako Junior Txapelketan

Eneko Eizagirre Perez

Durrësen (Albania) jokatutako Europako Junior Txapelketan, hirugarren postuan geratu da Monasterio bi alditan. Emaitza honekin, bere kontinenteko laugarren domina eskuratu du eta Munduko halterofilia txapelketa nagusian lehiatuko da Txinan.

Albaniako Durrës hirian izan zen Europako Junior Txapelketa eta bi dominekin atera zen Malen Monasterio bertatik. Bi brontzezko domina jantzi zituen zarauztarrak: lehenengoa kargatze eta altxatze kategorian, eta bigarrena sailkapen orokorrean. Emaitza hauekin, sekulako lorpenak eskuratu ditu Monasteriok azken bi urteetan, izan ere, kontinenteko txapelketetan guztira lau domina lortu ditu. 

Guztira 176 kilo altxatu zituen pultsolari zarauztarrak. 98 kilo bi denboran, eta 78 kilo izan ziren abiadan altxatutakoak. Honela, zilarrezko domina lortzetik oso gertu geratu zen Monasterio. Aurreko urteko txapelketan egindako markekin alderatuta, aurtengoan guztira 6 kilo gutxiago altxatu ditu. Hala ere, bi txapelketen artean lau domina erdietsi ditu, hiru brontzezko eta zilarrezko bat.

Marka historiko hauekin, Txinako Ningbo hirian jokatuko den Munduko Txapelketa Nagusian hartuko du parte kirolari zarauztarrak. Honela, bere nazioarteko laugarren txapelketa nagusian hartuko du parte.

Simon eta Balentziaga Euskadiko Junior Txapeldunak

Urriaren 10ean, Amasa-Villabonan izan zen Euskadiko Junior Txapelketa eta Zarauzko kirolariek maila altua erakutsi zuten bertan. Ariadne Simonek lehen postua eskuratu zuen taldeka Gipuzkoako selekzioarekin. Alex Balentziagak ere txapelketa bikaina osatu zuen, Gipuzkoako taldearekin lehen postua eskuratzeaz gain, Euskadiko txapeldun izendatu baitzen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide