Nazkatuta eta haserre salatu dute Angeluko hilketa matxista

Aritz Mutiozabal

Hainbat herritar elkarretaratu da gaur arratsaldean Angeluko hilketa matxista salatzeko. (Aritz Mutiozabal)

Hainbat herritarrek bat egin dute Zarauzko Koordinadora Feministak gaur arratsalderako deitutako elkarretaratzearekin. Angelukoa "sistema zisheteropatriarkal zuri hau agerian uzten duen gertakari bat gehiago" dela nabarmendu dute.

Zarauzko Koordinadora Feministak deituta, hainbat herritar elkarretaratu dira gaur arratsaldean Lege Zaharren Enparantzan, Angeluko (Lapurdi) hilketa matxista salatzeko eta haserrea adierazteko. Joan den ostiralean bere buruaz beste egin zuen 19 urteko neska batek aipatu herrian, gizon batek bortxatu zuela salatu ondoren. "Nazkatuta, nekatua eta haserre gaude behin eta berriz aipatu beharraz, nahikoa da. Hala ere, prest gaude erantzuteko eta kaleak hartzeko. Ez gara isilik geratuko, eta eraso orori erantzuna emango diogu", aldarrikatu dute koordinadora feministako kideek. Gizoneei ere indarkeria matxista desagertarazteko ardurak hartzeko eskatu dizkiete.

Angeluko hilketa matxista "sistema zisheteropatriarkal zuri hau agerian uzten duen gertakari bat gehiago" dela nabarmendu dute. Baita gizonek emakumeak "estrulkuralki zapaltzen" dituztela ere, eta, zentzu horretan, hainbat direla egunerokoan jasaten dituzten zapalkuntzak. Horiekin amaitzeko ezinbestekotzat jotzen dute autodefentza feminista. "Isil eta mendeko nahi gaituzte, baina badakigu geure haserrea antola dezakegula, eta mugimendu feministan horretan ari gara", adierazi dute.

Halaber, indar polizialen eta auzitegien aurrean "babes gabe" daudela azaldu dute, eta legeak ez dituela erasotuak babesten. "Askotan, berbiktimizazioa eta erasotzaileen inpunitatea berresten dituzte. Horregatik diogu, erasoak salatzeaz gain, garrantzitsua dela erasoak ez gertatzeko bermeak jartzea eta exijitzea. Protokoloa ez baita hasten eraso bat ematen denean. Protokoloa da irudikatzea zer nolako espazioak nahi ditugun emakumeak eta sexu disidenteak eroso egoteko, zer-nolako harremanak nahi ditugun, zer espazio hartuko ditugun eta zer espazioetatik botako zaituztegun".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide