Meo Rip Curl Pro Portugal surf txapelketa jokatzen ari dira Penichen, baina igandean, CT zirkuituko proba garrantzitsuenaren atari gisa, expression session txapelketa jokatu zuten. Emakumezkoetan hamabost surflari uretaratu ziren, bakoitzak bere trebetasunak erakuste aldera, eta Nadia Erostarbe izan zen garaile, hodi bikain bat osatu ondoren.
Zarauztarrak Portugalgo olatu itzelen irakurketa bikaina eginez, indartsu ekin zion saioari, atalik indartsuenak eta kritikoenak bilatuz. Bere erakustaldiak zaleen euforia piztu zuen Penicheko hondartzan, eta garaipenari esker, 5.000 dolarreko saria poltsikoratu du. Gizonezkoetan, berriz, Filipe Toledo brasildarra izan zen nagusi.
Atariko erakustaldi proban bikain aritu baldin bazen ere, txapelketako lehen txandan kalera joan da Erostarbe. Caitlin Simmers estatubatuarraren aurka lehiatu zen, eta hark lortutako puntuazioaren ia erdian geratu zen; Simmersek 14.16 puntu lortu zituen (7.23 + 6.93), eta zarauztarrak, berriz, 7.93 puntu (5.83 + 2.10).