'Zarauzko ondarea arriskuan: ondare guneak eta transmisioa' mahai ingurua egingo dute arratsaldean

Aritz Mutiozabal

Zarauzko folklorea izango dute hizpide mahai inguruan. (Zarauzko Artxiboa)

Ondharez Zarauzko ondarea babesteko elkarteak antolatu du egitasmoa, eta 19:00etan izango da Antoniano aretoan.

Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu dituzte hamargarrenez Gipuzkoan, lurraldeko ondarea kontserbatzeko, zaintzeko eta ezagutarazteko, eta horren harira, makina bat jarduera antolatu dituzte Gipuzkoako 36 udalerritan. Zarautzen, Ondharez elkartearen eskutik, Zarauzko ondarea arriskuan: ondare guneak eta transmisioa mahai ingurua egingo dute gaur arratsaldean, 19:00etan hasita, Antoniano aretoan.

Ondharezen asmoa da ondareak "arriskuan" daudela helaraztea eta herritarrengan interesa piztea. Mahai inguruak hiru ildo nagusi izango ditu: Jesus Mari Olaizola Txiliku Ondharezeko kideak ondare immaterialaren inguruan hitz egingo du, David Cano Arantzazuko artxiboaren eta liburutegiaren arduradunak Frantziskotarren liburutegia izango du hizpide, eta, azkenik, Xabier Alberdik eta Xabier Etxabek herriko folkloreari buruz ariko dira solasean. Saioa Manu Etxezortu kazetariak gidatuko du, eta herritarrek ere izango dute hitza hartzeko aukera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide