Aurten, abenduko lehen igandean jokatuko dute Bikote Mistoen Krosaren 47. aldia: abenduaren 6an, alegia. Izena ematea jada zabalik dago, eta lasterketa eguna bera izango da inskripzioa egiteko azken eguna. 850 bikotek osatuko dute lasterketa eta 16 urtetik gorako edonork eman dezake izena lasterketan.
Aurten ere, Aritzbatalde kiroldegi parean izango da lasterketaren hasiera 11:00etan eta 7,8 kilometroko ibilbidea izango du. Urtero legez parte hartzaile guztiek izango dituzte opariak, hala ere, hiru bikote azkarrenek izango dute saria. Horrez gain, bigarren sailkapen bat ere egongo da lehenengo hiru bikote zarauztarren artean. Lasterketa ostean, polikiroldegian dutxatzeko aukera eskainiko dute antolatzaileek.
Parte hartzaileko 30 euroko sarrera bat izango du izena emateak, egunean bertan, aldiz, prezioak gora egingo du eta 33 euro ordaindu beharko dira lasterketa egiteko. Parte hartzeko, herrikrosa.eus webgunera jo behar da, eta informazio gehiago eskuratzeko info@zarautzrugby.com helbidera idatzi daiteke.