Euskal Herriko Harri Jasotze Txapelketa irabazi du Lierni Osak

Intza Trula

Lierni Osa podiumeko lehen postuan, gainerako lehiakideekin, atzo, Euskal Herriko Harri Jasotze Txapelketan. (Utzitakoa)

Lehen aldiz irabazi du zarauztarrak Euskal Herriko txapelketa, Mungian (Bizkaia). Orotara, 5.163 kilo altxatu zituen, bigarren sailkatu zen Ane Zestauk baino 177 kilo gehiago.

Gogoratzeko eguna izan zen atzokoa Lierni Osa zarauztarrarentzat: Euskal Herriko Harri Jasotze Txapelketa irabazi zuen Mungian (Bizkaia). Iaz oso-oso gertu izan zuen garaipena, bigarren sailkatu baitzen, eta, beraz, aurten arantza hori kendu ahal izan du, eta estreinakoz Euskal Herriko txapela jantzi.

Guztira 5.163 kilo altxatu zituen atzokoan Osak, bigarren sailkatu zen Ane Zestauk baino 177 kilo gehiago –4.986 kilo jaso zituen guztira Zestauk–. Hain justu, 75 kiloko zilindroa 26 aldiz jaso zuen zarauztarrak; 63 kiloko kuboa 22 aldiz; eta, 63 kiloko bola 29 aldiz.

Podiumeko hirugarren postuan sailkatu zen Leire Olea galdakarra, guztira 4.710 kilo jasota. Maddi Gesala zarauztarrak ere parte hartu zuen txapelketan, eta seigarren postuan sailkatu zen, 4.320 altxa ostean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide