Txomin Arruti: "Ezagutzen ez dena ezin da ez babestu, ezta defendatu ere"

Intza Trula

Txomin Arruti, Ondharezeko lehendakaria, Zarauzko malekoian. (Intza Trula)

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, mahai ingurua antolatu du Ondharezek astearterako. Arriskuan dagoen ondareaz eta horren transmisioaz mintzatuko dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta eta hainbat eragilerekin elkarlanean, Ondarearen Europako X. Jardunaldiak egiten ari dira Gipuzkoan. Hain justu, asteartean, hilaren 20an, Zarautzen izango da hitzorduetako bat: Ondharez Zarauzko ondarea babesteko elkarteak antolatuta, Zarauzko ondarea arriskuan: ondare guneak eta transmisioa mahai ingurua egingo dute, 19:00etan, Antoniano aretoan. Txomin Arruti (Zarautz, 1963) Ondharezen presidenteak dio ondareak "arriskuan" daudela helaraztea dela elkartearen ardura, eta, besteak beste, horretarako baliatu nahi dute hitzordua.

Zer beharrek bultzatuta prestatu duzue mahai ingurua?

Alde batetik, uste dut garrantzi handikoa dela gizarteari jakinaraztea Zarautzen badagoela ondareari lotutako elkarte bat, Ondharez, gaiarekiko kezka duena eta horren bueltan ekintzak antolatzen dituena. Orain arte, herrian gai horiekiko interesa genuen pertsonak sakabanatuta geunden, eta nolabait esateko, bakoitzak bere kabuz egiten zuen lan. 2024. urtearen amaieran elkartu ginen lehen aldiz, Igor Etxabe kideari esker, eta orduan oso garbi geratu zitzaigun indarrak batu behar genituela. Lehen aldiz elkartu ginenetik ia bi urte igaro dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dituen jardunaldietan parte hartzea koxka bat igotzea da guretzat. Hemen gaudela erakutsi nahi diogu herriari, eta ikertzen dugunaz hitz egin nahi dugu bertaratzen direnekin. Hain zuzen ere, horretarako baliatu nahi dugu saioa.

Ondarea arriskuan da aurtengo jardunaldien gai nagusia. Zeintzuk dira gaur egun Zarautzen identifikatu dituzuen eta arrisku handiena duten ondare guneak?

Zarautzen oso ondo datorkigu gaia. Elementu pila-pila bat desagertu dira, eta herriko argazki zaharrei gainbegiratu bat emanez gero ikus daiteke hori. Lehengo Zarautzek ez du oraingoarekin zerikusirik. Galdutako elementu batzuek agian ez zuten hainbesteko pisua izango, baina badaude beste batzuk oso garrantzitsuak zirenak. Adibidez, Gran Hotel datorkit orain burura, egun Eguzki Lore urbanizazioa dena. 1880ko hotel batzen, eraikin oso-oso ederra. Hotel hura bota egin zuten etxebizitzak egiteko, eta nire ustez, sentsibilitate falta erakusten du horrek. Izan ere, eraikin hari, agian, beste funtzio bat emateko aukera zegoen, baina desagerrarazi egin zuten. Beste erabilera bat eman zaien eraikinen artean daude, esaterako, Sanz Enea eta Villa Munda. Ondarea ez da bakarrik elementu bat, gure identitatea ere izan daiteke; hau da, bizitzan zehar hainbat espazio ezagutu badituzu, izan paisaiak edo izan eraikinak, eta horiek guztiak apurka-apurka kentzen badizkizute, iritsiko da momentu bat non kostatu egingo zaizun zure herriarekin identifikatzea.

Zer egin daiteke ondare immaterial hori berpizteko eta transmititzeko?

Ondharez elkarteko lehendakaria naizen aldetik, niretzat garrantzitsua da jendea erakartzea eta gai hauen inguruan izan dezaketen interes hori piztea. Azken finean, elkarteko batzordean zortzi bat pertsona gara, eta guk bakarrik ezin ditugu mundu honek dituen ertz guztiak landu, mundu oso zabala da. Zehatzagoa izateko, elkarteak datu base bat du, eta bertan, landu behar ditugun 80 bat gai daude. Horregatik, gero eta jende gehiagorengana heldu, gero eta ikerketa zein transmisio lan handiagoa egin ahal izango dugu, eta mahai inguruak, besteak beste, horretan lagun diezaguke.

Lau gonbidatu izango dituzue mahai inguruan. Nortzuk dira eta zein izango da bakoitzak jorratuko duen gaia?

Jesus Mari Olaizola Txiliku Ondharezeko kidea izango da lehenengo gonbidatua, eta ondare immaterialaz mintzatuko da bera. Lehen, ondarea objektuak ziren, gauza materialak, baina duela gutxi hasi ginen eztabaidatzen ondarea beste zerbait ere izan zitekeela, materiala ez zena, hala nola tradizioak eta dantzak. Hau da, jendeak bizi eta maite duen edo izan duen hori gordetzea eta transmititzea garrantzitsua dela deritzogu. Beste modu batera esateko, gaur egun gizarteak erabaki dezake zer den ondarea, zer den garrantzitsua beretzat. Horrez gain, Xabier Alberdik eta Xabier Etxabek folklorearen inguruan hitz egingo dute, eta, azkenik, David Cano Arantzazuko artxiboaren eta liburutegiaren arduradunak hitz egingo du. Noski, herritarrek ere izango dute hitza hartzeko aukera, eta hizlariei nahi adina galdera egin ahal izango dizkiete.

Aldundiarekin eta beste eragile batzuekin antolatutako jardunaldiok zer-nolako eragina izan dezakete epe luzera herriko memoria kolektiboan?

Ezagutzen ez dena ezin da ez babestu, ez transmititu, ezta defendatu ere. Ez dakit zer-nolako harrera izango duen mahai inguruak, baina guk, gure aldetik, ondareak arriskuan daudela helarazi behar diogu herriari, hori da gure egitekoa. Gero, gizartearena da ardura. Nik beti diot: ondarea gu gara, eta gure esku dago herriko paisaiek, eraikinek edota elementuek bizirik irautea, beste bizitza bat izatea edota jada ez daudenak gogoratzea.

2025eko urrian aurkeztu zenuten Ondharez jendaurrean, duela urtebete. Lehen urtearen zer balorazio egiten duzue?

Lan mordoa daukagula ikusi dugu, baina hori aurrera eramateko jendea ere badago. Nik uste nuena baino herritar gehiago erakarri ditugu denbora honetan; hau da, interesa egon, badago.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide