Mikologia eta geologia izango dira ardatz 47. Natura Astean

Aritz Mutiozabal

Natura Asteko iazko erakusketa, Merkatu plazan. (Julene Sorarrain)

Arkamurkak antolatuta, hiru hitzaldi eta dokumental emanaldi bat eskainiko dituzte datorren astean. Erakusketa zabal batekin borobilduko dute egitasmoa Merkatu plazan.

Udazkenaren etorrerarekin batera, Arkamurka elkarteak Natura Astea antolatu ohi du Zarautzen. Aurten, 47. aldia izango da, eta naturaren ezagutza eta kontserbazioa sustatzeko asmoz, egitarau betea osatu dute urriaren 19tik 25era. Gainera, Arkamurkaren helburu nagusietako bat da herritarren parte hartzea indartzea egitasmoetan. Horretarako, hainbat adituren gidaritzapean, mikologiari, geologiari eta klimaren eraginari buruzko hitzaldiak eta dokumental bat eskainiko dituzte datorren astean.

Azken urteetako dinamika jarraituz, aurten ere hiru hitzaldi entzuteko parada izango da: Aranzadi zientzia elkarteko eta Arkamurkako kide Joxepo Teresen Gipuzkoako onddoen katalogoa. Zergatik eta zertarako? hitzaldiarekin emango diote hasiera Natura Asteari, urriaren 19an; Inma Mugertza hidrologoak, berriz, Zarautz: iragana, oraina eta etorkizuna urari begira izango du hizpide, urriaren 20an; eta Arkamurkako kide Sara Alkorta ingurumen geologoak Zarauzko ondare geologikoa izeneko saioa eskainiko du, urriaren 22an. Hitzaldi guztiak Arkamurkaren egoitzan izango dira, 19:00etatik aurrera.

Horrez gain, Glaziarren gainbehera eta muturreko fenomenoak dokumentala emango dute urriaren 21ean, Arkamurkaren lokalean, euskarazko azpitituluekin. Emanaldia 19:00etan hasiko da eta, ondoren, solasaldia izango da Eñaut Izagirre glaziologoaren eskutik. Natura Astea borobiltzeko, ohi bezala, naturarekin lotutako erakusketa zabala egingo du Arkamurka elkarteak Merkatu plazan, perretxikoak, haziak, fruituak eta geologia ardatz hartuta. Urriaren 25ean izango da, eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era egongo da zabalik.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide