Gazte Olinpiadak antolatu ditu ZEGAk

Eneko Eizagirre Perez

Zarauzko Euskaltzaleen Gazte Asanbladako kideak. (Enara Ariznabarreta)

Neguan zehar egingo dituzte jokoak, eta, guztira, hiru jardunaldi izango dira. Finala martxoaren 13an jokatuko dute, Zarauzko Gazte Egunaren barruan. Izena urriaren 25a bitarte eman daiteke, eta taldeak mistoak izan behar dute.

Martxan dira estreinakoz Zarauzko Gazte Olinpiadak, Zarauzko Euskaltzale Gazte Asanbladaren (ZEGA) eskutik. Hamaika ekintzez eta jolasez betetako olinpiadetan, herri sentimendua sustatzea du helburu ekimenak. Urriaren 25ean izango da olinpiadetan izena emateko azken eguna. Lehenengo koordinazio bilerak, berriz, urriaren 31n eta 1ean egingo dituzte.

Martxoaren 13an izango da jokoen final handia, baina egun hori iritsi aurretik, neguan zehar hiru Olinpiada jardunaldi egingo dira, bakoitza talde batek antolatuta. Abenduaren 12an izango da lehenengoa, urtarrilaren 30ean bigarrena, eta azkena otsailaren 20an. Martxoaren 13an, final handiaren egunaren harira, Zarauzko Gazte Egunaren sorrera ere izango da ZEGAren ekimenez.

15 eta 20 lagunez osatutako talde mistoak izan behar dute. Antolakuntzak lagun talde desberdinetako kideak elkartzeko deialdia egin du, "betiko kuadrillen dinamika" aldatze aldera. Talde bakoitza kolore batekin egongo da lotuta, eta kolore horren harira osatu beharko dute taldearen nortasuna; estetika, ekintzak, mozorroak...

Kolorea esleitzeaz gain, talde bakoitzak olinpiadetako egun bat antolatu behar du. Egun horretan beharko den materialen zerrenda, erabiliko den eremua eta egingo diren jokoak aurrez prestatu beharko dituzte taldekideek. Talde bakoitzak bi ordezkari izendatuko ditu koordinatzaile lanetan jarduteko. Talde guztietako bi aukeratuek koordinazio taldea osatuko dute eta ekintzetan egin behar diren lanen banaketaz arduratuko dira. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide