Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak asanblada irekia egingo du etzi

Intza Trula

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak urriaren 4an Zarautzen egindako manifestazioko irudia. (Enara Ariznabarreta)

Besteak beste, etxebizitza aukerarik gabe geratzear dauden hainbat familien egoerak eta azaroaren 11rako deitutako greba orokorra izango dituzte hizpide. 18:00etan hasiko da asanblada, Frontoi Txikin.

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak asanblada irekia egingo du etzi, ostirala, 18:00etan, Frontoi Txikin. Izan ere, sindikatuak ehunka lagun mobilizatu zituen urriaren 4an Zarautzen, Espekulazioaren aurka etxebizitza denontzat lelopean. Ordea, sindikatuak argi du egun batean mobilizatzearekin ez dela nahikoa, eta lanean jarraitzeko deitu du asanblada.

Deitzaileek azaldu dutenez, hainbat gai landuko dituzte ostiraleko saioan: hala nola etxebizitza aukerarik gabe geratzear dauden hainbat familien istorioez hitz egingo dute, eta azaroaren 11rako deituta dagoen greba orokorraz ere mintzatuko dira. Hori horrela izanik, interesa duen eta laguntzeko prest dagoen herritar oro gonbidatu dute parte hartzera.

Sindikatuaren arabera, "etxebizitza negozio iturri da askorentzat, eta herriko langile klaseak sufritzen ditu horren ondorioak". Salatu duenez, "sasoiko alokairuko kontratuek eta etxe agentzia zein jabeen espekulazioak, adibidez, eskuraezin bihurtu dute etxebizitza bat lortzea".

Greba orokorrari begira, sindikatua hiru aldarri nagusirekin ari da lanean: espekulazioa debekatzea, espekulatzaileen jabetzak desjabetzea eta etxebizitzak gizartearen beharren arabera planifikatzea. Datozen asteetan emango dute mobilizazioen eta bitartean egingo diren ekintzen berri.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide