Malekoiko obrek aurrera jarraitzen dute, eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak sare sozialen bitartez jakinarazi duenez, "martxa onean" doaz. Esaterako, Nautiko eta Bederen tabernen aurrean botaola-horma eraikitzen hasi dira dagoeneko, eta hainbat gunetan malekoiaren kota igo eta zorua berritu dute.
Ekainaren 11n hasi ziren Munoako begiralekua eraisten eta hari lotuta doazen eskailerak kentzen, eta uztailaren amaierarako amaituta zituzten pauso horiek. Txurrukak ekainean obren inguruko xehetasunak eman zituenean azaldu zuenez, proba pilotua izango da, olatu kolpeen aurrean nolako eragina daukan ikusi nahi dutelako.
Construcciones Mariezcurrena enpresa da obraren arduraduna, eta aurreikusi duenez, malekoia urte amaierarako bukatuta egongo da.