125 konposizio aurkeztu dituzte aurten Escudero sarira

Eneko Eizagirre Perez

Francisco Escudero Akordeoirako Nazioarteko Konposizio Lehiaketaren emanaldi bat. (Hauspoz elkartea)

Igandean izango da sari banaketa ekitaldia Modelo aretoan, 12:30ean hasita. Iazko obra sarituak estreinatuko ditu zuzenean Hauspoz elkarteak.

Francisco Escudero Nazioarteko Akordeoirako Konposizio Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute igande honetan, 12:30ean, Modelo aretoan. Hauspoz Euskal Akordeoi Elkartearen ekimenez, hemeretzigarren aldiz antolatu dute sariketa, eta aurten, mundu zabaleko 48 herrialdeetako hainbat konpositorek 125 obra aurkeztu dituzte. Ekitaldia bi zatitan banatuta egongo da: alde batetik, aurtengo obra sarituen berri emango dute, eta bestetik, azken urteetan akordeoirako landutako nazioarteko hainbat lan estreinatuko dituzte.

Aretoan entzun ahal izango diren piezen artean, Fran Barajas konpositoreak El olor de la guayaba akordeoirako egindako lana entzun ahal izango da, Alejandro Arbues akordeoia jotzailearen eskutik; obra honek iazko konposizio lehiaketa irabazi zuen. Halaber, Cristoffer Haard musikariaren Lunga abestia ere interpretatuko du Bela Brichzin akordeoi jotzaileak, Nuria Lopez gitarristak eta Yadira Pelaez saxo sopranoak osatutako hirukoak. Azken honek epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen pasa den urteko lehiaketan.

Beste obra batzuk

Cristovao Almeidak sortutako Stimming on checkered bellow lana entzuteko aukera ere izango da; aurreko edizioko modalitate pedagogikoan garaile suertatu zen abesti hori, hain zuzen ere. Gainera, Antonin Dvorak eta Tomas Aragues musikagilen piezak ere interpretatuko dituzte. Azken konposizio horiek Musikene Akordeoi Ensembleak joko ditu, Marko Sevarlic zuzendariaren gidaritzapean.

Hauspoz elkartea 1974an sortu zuten, eta ordutik erreferente bihurtu da akordeoiaren konposizio garaikidearen alorrean nazioarte mailan. Urtez urte, bost kontinenteetako konpositoreek Zarautzen egiten dute topo, eta beraien musika biziarazteko eta publiko berrietara hurbiltzeko aukera berezia izaten dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide