Ruben Vitoriak irabazi du Bakioko surf txapelketa

Aritz Mutiozabal

Ruben Vitoria, Bakion irabazi ondoren, podiumean. (EHSF)

Euskal zirkuituko hirugarren proban nagusitu ondoren, bigarren postuan kokatu da sailkapen orokorrean, Markel Bizkargenagarekin berdinduta. Azken proba abenduan izango dute, Mundakan.

Euskal surf zirkuituko hirugarren proba irabazi zuen aurreko astean Ruben Vitoriak, Bakion (Bizkaia). Surflari zarauztarra txapeldunorde izan zen Donostiako Zurrriola hondartzan jokatutako zirkuituko lehen proban, eta Sopelan kale egin ondoren, garaipen honekin arantza kentzea lortu du. Guztira, 15.67 puntu lortuta nagusitu zen Vitoria finalean, eta haren atzetik geratu ziren, hurrenez hurren, Markel Bizkargenaga (12.00 puntu), Xan Atxoarena (11.83 puntu) eta Oinatz Ortega (11.67 puntu) bizkaitarrak.

Zirkuituko laugarren eta azken proba Mundakan jokatuko dute, abenduan –asteburua zehazteke dago oraindik–. Bien bitartean, surflari zarauztarra bigarren postuan dago kokatuta sailkapenean, 1.860 punturekin, Markel Bizkargenagarekin berdinduta. Buruan, berriz, Eder Fuentes dago, 2.005 punturekin.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide