Zarauzko Udalak Zarautz Elkar Zainduz egitasmoa jarri du martxan Bogan zerbitzuakekin eta Zabalduz kooperatibarekin elkarlanean, eta udal talde guztien babesarekin. Egitasmoaren helburua zaintzaren egungo egoera ezagutzea eta etorkizuneko erronkei modu partekatuan erantzutea izango da.
Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak sarritan zaintza adinekoekin lotzen dugula esanez hasi du aurkezpena. Era berean, zaintza askoz ere zabalagoa dela, eta bizitzako etapa guztietan presente dagoela gogorarazi du: "Guztiok izan gara zainduak gure bizitzako uneren batean, eta ziurrenik, etorkizunean ere zainduak izango gara. Guztiok gara edo izango gara zaintzaile, familian, lagunartean, auzoan edota komunitatean".
Hiru ardatz nagusi
Egitasmoak zaintza ulertzeko hiru zutabe nagusi izango ditu: norberaren zaintza, zaintza komunitarioa eta erakundeen zaintza zerbitzuak. Lehenengoak, norberak bere osasuna, ongizatea eta autonomia zaintzeko duen gaitasunari egiten dio erreferentzia; bigarrenak, berriz, familien, auzoen, elkarteen eta herri sareen babesa jasotzen du; eta hirugarrenak, administrazio publikoek eta profesionalek eskaintzen dituzten baliabide eta zerbitzuak hartzen ditu barne.
Aranaren arabera, "hiru zutabe horien arteko oreka eta elkarlana dira zaintza-sistema sendo, bidezko eta eraginkor baten oinarriak". Era beran, proiektua ezin dela udalaren ekimen hutsera mugatu azpimarratu du: "Zarauztarrei prozesu hau zarauztarron prozesua izatea nahi dugula helarazi nahi diegu". Horretarako, herritarren eta herriko eragileen parte hartze zabala eta zeharkakoa beharrezkoa dela gogorarazi du.
Hiru elkarlan espazio
Irune Elosegi Zabalduz Gizarte Ekimeneko Kooperatibako ordezkariak jakinarazi du prozesua martxan dela dagoeneko. Egitasmoak hiru elkarlan espazio izango ditu. Batetik, talde eragilea egongo da prozesuaren erabaki operatiboak hartzeko, eta Zarauzko Udaleko hainbat sailetako, Zabalduz kooperatibako eta Bogan zerbitzuko teknikariek osatuko dute.
Bestetik, zaintza mahaia sortuko dute. Bertan, Zarautzen zaintzarekin lotura duten eragileak elkartuko dira, zaintzaren inguruan hausnartzeko eta ekarpenak egiteko. Azkenik, herri topaketak egingo dituzte prozesuan zehar, herritarrei egitasmoaren nondik norakoen eta mugarrien berri emateko.
Prozesuaren lehen urratsetan, diagnostiko soziodemografikoa egingo dute. Herriko biztanleriaren bilakaera eta egitura aztertuko dira, besteak beste adina, belaunaldien arteko oreka, etxeen eta familien osaera, jaiotzak, migrazioak edo etorkizunerako joera demografikoak kontuan hartuta. Aldi berean, diagnostiko kualitatibo bat ere egingo dute, herriko eragileen parte hartzearekin. Horretarako, datozen asteetan elkarrizketetan eta focus group saioetan parte hartzeko gonbidapenak jasoko dituzte eragileek.
Halaber, Aranak gogorarazi du "herri proiektu bat" izan behar dela, eta horretarako, "parte hartze zabala eta zeharkakoa" beharrezkoak izango direla. Horregatik, datozen asteetan herritarrei zuzendutako galdetegi bat zabalduko dute. "Zenbat eta erantzun gehiago jaso, orduan eta hobeto", azaldu du Elosegik.
Zabalduz kooperatibak antzeko prozesuak egin izan ditu aurretik, Azpeitian, Iruran, Altzon, Urnietan eta Anoetan, esaterako. Esperientzia horietan erabilitako metodologia Zarautzen ere aplikatuko dute.
Zaintza sare zabala
Gizarte Politiketako zinegotziak nabarmendu du Zarautz ez dela "zerotik hasiko". Izan ere, haren hitzetan, herriak badu zaintzaren inguruan osatutako sare zabala: "Zarautzen izugarrizko sareak daude osatuta, funtzionatzen dute eta izugarrizko emaitzak ematen dituzte". Horregatik, sare horiek eta egiten duten lana "balorean jartzea" garrantzitsua dela azpimarratu du. Hala, herritarrak datozen deialdietan eta saioetan parte hartzera gonbidatu ditu, "zaintza guztion ardura" dela gogoraraziz.
Prozesuaren azken helburua Zarauzko Zaintza Plana egitea izango da, hau da, datozen urteetan herrian zaintzaren alorrean egin beharreko bidea orientatuko duen ibilbide-orri partekatua.