Marmara taldeak kontzertua eskainiko du bihar Photomuseumen

Intza Trula

Marmara musika taldea. (Kultursharea)

Photomuseumen ikusgai dagoenTerra argazki bildumaren harira eskainiko du hirukote lekeitiarrak kontzertua. 18:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da.

Berezia izango da bihar arratsaldeko Photomuseumeko saioa: Marmara taldearen kontzertuarekin hasiko dute asteburua argazki eta zinema museoan, hain zuzen ere. 18:00etan hasiko da hirukote lekeitiarraren emanaldia, eta sarrera doakoa izango da.

Maite Saavedrak pasa den astean zabaldutako Terra aldi baterako argazki erakusketaren harira eskainiko dute kontzertua Eva, Olatz eta Aran Kintana ahizpek. Izan ere, hiru ahizpak itsasgizonen alabak eta bilobak dira, lotura estu-estua dute itsasoarekin, alegia.

Betidanik abestu izan dute, etxean zein bertatik kanpo. Itsasoan oinarritutako beren testuei musika jartzen hasi ziren apurka-apurka, eta horiek abesten. Egun batean, lagun batek beraien abestiak entzun zituen, eta idazten zein konposatzen jarraitzera animatu zituen. Horrela, 2021ean Madrilen ikuskizun bat prestatzea proposatu zien, eta orduan sortu zen Marmara, itsasoarekiko duten harremana aztertzen duen eta hiru ahotsetako a cappella ahots moldaketak uztartzen dituen ikuskizuna.

Ordutik, beraiek sortutako abestiak zein moldaketak abesten dituzte. Azkenaldian, antzerki eszenografiarik gabe eta gitarraren laguntzaz aritzen dira, areto txikiagoetara hobeto egokitzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide