Kuadrilla Eguneko izen emateen azken egunak dira

Intza Trula

Iazko nerabeen paella lehiaketa, Lege Zaharren Enparantzan. (Julene Sorarrain)

Kuadrilla Eguneko bazkarirako txartelak bihar eskuratu ahal izango dira, eta goitibeheren jaitsieran izena emateko azken eguna izango da etzi, larunbata. Nerabeen paella lehiaketan izena emateko epea, berriz, igandean itxiko da.

Urriaren 17an, larunbatez, ospatuko dute Zarautzen Kuadrilla Eguna. Egitarauaren barruan, bazkaria, goitibeheren lasterketa eta nerabeen paella lehiaketa egingo dituzte, eta horietan izena emateko azken egunak dira.

Bazkariari dagokionez, datorren larunbatean 14:30etik 18:00etara bitartean izango da, Musika Plazan. Bazkalostean, bingo musikatua ere egingo dute. Otordura joan nahi dutenek bihar izango dute txartela erosteko aukera, 19:00etatik aurrera Musika Plazan bertan.

Goitibeherak, berriz, 11:30ean hasiko dira, Vista Alegre auzotik. Hain zuzen, antolakuntzak jakitera eman duenez, larunbata, urriak 10, izango da jaitsieran izena emateko azken eguna. Horretarako, 644 05 67 70 telefono zenbakira idatzi behar da. Talde azkarrenak Marmarra dendan erabiltzeko 100 euroko bonu bat eskuratuko du, eta bigarren sailkatuak eta goitibehera politenak, berriz, afari baterako 50 euroko bonu bana jasoko dute.

Nerabeek ere izango dute festa egunaz gozatzeko aukera, eta sukaldean duten trebetasuna erakutsi ahal izango dute paella lehiaketan. 11:30ean hasiko da, Lege Zaharren Enparantzan. Bertan izena eman nahi dutenek igandera arteko epea izango dute, eta horretarako Gaztelekura jo daiteke edota 620 54 66 84 telefono zenbakira deitu.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide