Enbor Akzio Kulturala elkarteak oso positibotzak jo du asteburu honetan ospatu den Adarretatik musika jaialdiaren bederatzigarren edizioa, eta "ikus-entzuleen harrera sekulakoa" izan dela nabarmendu du. Antolakuntzak jakitera eman dutenez, guztira milaka lagunek parte hartu dute asteburuan zehar egindako bederatzi emanaldietan, eta asko gozatu eta dantzatu dute.
Aurten, Munoako obrak direla eta, Duke Enea parean jarri dute jaialdiko agertoki nagusi berria, eta aldaketa honek erantzun paregabea izan du. Antolakuntzaren arabera, adin guztietako eta jatorri desberdinetako publikoa gerturatu da jaialdira: "Euskal Herriko hainbat txokotatik ez ezik, estatuko eta atzerriko hainbat lekutatik ere etorri dira ikusleak". Zarauztarren presentzia ere "garrantzitsua" izan dela nabarmendu dute, eta horrek, Adarretatik jaialdiak "herriko kultur egutegian finkatutako musika hitzordu" gisa duen lekua sendotzen duela azpimarratu dute.
Modu paregabean hasi zen jaialdia ostiralean Aretxabaletako Nhil taldearen emanaldiarekin. Ondoren, El Inquilino Comunista talde getxotarrak eskaini zuen kontzertua agertoki nagusian. 90eko hamarkadako taldeak urte batzuk zeramatzan Gipuzkoan jo gabe, eta, antolakuntzaren arabera, "publikoak erabat bat egin zuen emanaldiarekin". Egunari amaiera bikaina jartzeko, Gailu taldea ere igo zen Duke Eneako oholtza gainera. Okene eta Mikel Abrego anaiek eta Hodei Esteban zarauztarrak osatutako hirukoak euskal sustraiak eta doinu garaikideak izan zituen presente, elektronika, rocka eta hip-hopa tartekatuz.
Larunbat goizean, berriz, Odol Gaztea Brass Band talde nafarrak kaleak eta plazak musikaz bete zituen, New Orleanseko Swing-Jazz doinuekin, eta arratsaldean, La Ola Maldita talde donostiarrak jo zuen Surtidor Kafetegian. Gaueko emanaldiak ordu erdiko atzerapenarekin hasi ziren ekaitzaren ondorioz. Behin euria gelditutakoan, The Cherry Boppers talde bilbotarrak eta Patricia Reckless abeslariak, eta Brigitte Emaga eta Soundara Collective taldeak kontzertu bana eskaini zuten. Bartzelonatik etorritako zortzi musikariek soul, funk eta disco doinuekin "festa kolektibo" bihurtu zuten Zarauzko pasealekua. Larunbat gaua Chica Tequilak itxi zuen, Marina-Txiki tabernan.
Igandean, azkenik, Femmm Vocal Jazz laukotearen emanaldiarekin amaitu zen egitasmoa. Taldeak jazz kontzertua eskaini zuen, eta horrekin itxi zuten antolatzaileek "aniztasuna, kalitate musikala eta publikoaren erantzun bikaina" nagusi izan dituen asteburua.
Bederatzigarren edizioa amaituta, Enbor Akzio Kulturala elkarteak hamargarren edizioa prestatzen hasia dela jakinarazi du. Hamargarren urteurrena izanik, "edizio oso berezia" aurreikusten dute. Antolakuntzak esker bereziak eman dizkio Zarauzko Udalari beste urte batez emandako babesagatik, baita Laboral Kutxari ere. Era berean, egitasmoan parte hartu eta aletxoa jarri duten erakundeek eta herriko tabernek egindako elkarlana nabarmendu du.