Zarauzko Udala datorren urteko aurrekontuak lantzen hasia da jada, eta lanketa herritarrekin partekatze aldera, auzoz auzoko bilerak deitu ditu. Guztira zazpi bilera egingo ditu udal gobernuak urrian zehar, zazpi auzotan, eta helburua izango da egindakoen inguruan hitz egitea eta, era berean, herritarren kezkei erantzuna eman eta haien ekarpenak jasotzea.
Garbiñe Oiarbide Partaidetza zinegotziak azaldu du "ezinbestekoa" dela "gertutasunetik zarauztarrei entzutea", eta horrek bultzatuta antolatu dituztela auzoz auzoko bilerak. "Bizilagunek bertatik bertara euren auzoetan egin daitezkeen hobekuntzak eta proposamenak helarazteko aukera aproposa da", dio Oiarbidek. Hala eta guztiz ere, argitu du "prozesua bera ere hobetu daitekeela", eta horren inguruan ere hausnartuko dutela aurreratu du.
Aurtengo saio gehienak ohiko kokalekuetan izango dira, baina bada aldaketarik. Izan ere, Iñurritzako jubilatuen elkartean igogailua jartzeko egiten ari diren obrak medio, aurtengo Iñurritzako, Mendilautako eta Talaimendiko auzo bilera Salbatore Mitxelena Ikastolan egingo dute. Horrez gain, Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Salberdin auzoetako bilera Salbatore Mitxelena auzo elkartean egingo dute. Era horretan, udala gobernuak eskerrak eman nahi izan dizkie auzo elkarteei, "bereziki Mitxelena auzo elkarteari eta, baita ikastolari ere". Ordutegiari dagokionez ere aldaketa dago aurten: bilerak 18:00etatik 19:30era izango dira.
Bestelako aukerak
Bileretara joateko aukerarik ez duten herritarrek ere ekarpenak egiteko aukera izan dezaten, proposamenak egiteko postontziak jarri ditu udalak. Postontzi horiek Vista Alegre auzo elkartean, Sanz Enean, udal euskaltegian, Amalur parkean, Iñurritzako auzo elkartean eta HAZeko daude.
Horrez aparte, telematikoki ekarpenak egiteko aukera ere egongo da, bi bide partehartu@zarautz.eus helbidera elektronikora mezua bidalita edota Zarauzko Udaleko webguneko parte hartu atalean. Postontzietan eta telematikoki proposamenak egiteko aukera urriaren 2tik 31ra bitartean dago zabalik.
Ondorengoak dira auzoz auzoko bileren hitzorduak:
- Urriak 8: Urteta auzokoekin, 18:00etan, Urtetako Elkartean.
- Urriak 13: Vista Alegre eta Hiruerreketa auzoetakoekin, 18:00etan Vista Alegreko Auzo Elkartean.
- Urriak 15: Iñurritza, Mendilauta eta Talaimendi auzoetakoekin, 18:00etan Salbatore Mitxelena Ikastolan.
- Urriak 20: Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Salberdin auzoetakoekin, 18:00etan, Salbatore Mitxelena auzo elkartean (Mitxelena Kalea 51 – Behea).
- Urriak 22: Alde Zaharra eta Salbide auzoetakoekin, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan.
- Urriak 26: Azken Portu eta Santa Klara auzoetakoekin, 18:00etan, Santa Klarako erabilera anitzeko aretoan.
- Urriak 28: Itxasmendi auzokoekin, 18:00etan, Itxasmendiko auzo elkartean.