Kalera atera dira zarauztarrak etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka mobilizatzera

Enara Ariznabarreta

Lege Zaharren Enparantzatik abiatu da etxebizitzaren eskubidearen aldeko eta espekulazioaren aurkako mobilizazioa, eta herriko kaleak zeharkatu dituzte Etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko! lelopean.

Zarauztarra etxebizitzaren eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka mobilizatu dira gaur eguerdian. Jende ugari batu da, eta Lege Zaharren Enparantzatik abiatu dira 13:00etan. Herriko hainbat kale zeharkatu dituzte Etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko! lelopean.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak eskatu ditu, tartean, espekulatzaileen jabetzak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta negozioaren esku dauden baliabideak langile klasearen zerbitzura jartzea. Sindikatuaren esanetan, "gero eta zailagoa da langileentzat herrian bizitzea, eta etxebizitzen eskaintzan denboraldi baterako alokairuak nagusitzen ari dira".

Espainiako Gobernuak Kongresuan aurkeztutako etxebizitza dekretua ere kritikatu du. Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, "dekretuak ez ditu kaleko mobilizazioen aldarrikapenak jasotzen eta errentisten interesak babesten ditu". Era berean, EAJk dekretuaren aurka bozkatu izana ere nabarmendu du.

Era berean, Euskal Herriko administrazioek ere "negozioa indartzen duten politikak" martxan jarri dituztela salatu dute. Halaber, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta udalak aipatu ditu, eta administrazioen jarduna seinalatu eta horren aurka borrokatzea beharrezkotzat jo du.

Sindikatuaren hitzetan, "etxebizitza oinarrizko eskubidea da, osasungintza eta hezkuntza bezalaxe, eta bermatuta egon behar du". "txebizitza negozio-iturri den bitartean ezingo da eskubide unibertsal gisa bermatu: "Etxebizitza negozioa edo etxebizitza eskubidea, biak batera ezinak dira".

Horren aurrean, hiru neurri proposatu ditu espekulatzaileen jabetzak espropiatzea; etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea; eta, azkenik, negozioaren esku dauden baliabideak langile klasearen zerbitzura jartzea, etxebizitzen inguruko erabakiak «"rabazian oinarritutako merkatuak" baldintzatu ez ditzan.

Neurri horiek ez direla alderdi politikoen eskutik etorriko , eta kaleko mobilizazioen eta antolakuntzaren bidez aldaketak behartu daitezkeela gogorarazi du. Hori horrela, etxegabetze guztiak "lehenbailehen eta baldintzarik gabe" gelditzeko eta alokairuen prezioa jaisteko eskatu die alderdi politikoei.

Azkenik, etxebizitzaren arazoaren aurrean antolatzeko deia egin du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Hilabeteko azken ostiraletan egiten dituzten batzarretan parte hartzera edota sindikatura batzera gonbidatu ditu herritarrak, "espekulazioaren kontra eta etxebizitza eskubidearen alde" borrokatzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide