Abian da Twin Fin Invitational surf txapelketa

Intza Trula eta Aritz Mutiozabal

William Allioti surflari frantsesak antolatutako hitzorduak kontzertuak, dokumental emanaldiak eta surfa uztartuko ditu. Asteazkenean hasi zen egitasmoa, eta atzo uretaratu ziren surfistak lehenengoz.

Atzo jokatu zuten William Allioti surflari frantsesak antolatutako Twin Fin Invitational surf txapelketaren lehen saioa. Asteazkenean hasi zen lehiaketaz harago doan egitasmoa, eta urriaren 6ra arteko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Surfaz gain, besteak beste, kontzertuez eta dokumentalen emanaldiez gozatu ahal izango da. Txapelketaren helburua garbia da: munduko surflari onenetako batzuk bildu eta twin fin taularen gainean ikuskizuna eskaintzea.

Hitzorduak iraungo duen egunetatik bitan jokatuko dute txapelketa, eta atzokoa izan zen lehen saioa. Txanda bakoitzak 30 minutuko iraupena izan zuen, eta horietako bakoitzean sei edo zazpi surflariko talde misto bat izan zen uretan. Inor ez zuten lehen txandan kaleratu, parte hartzaile guztiek gutxienez bi txanda oso jokatuko baitituzte. Gainera, txapelketak ez du epaile ofizialik, eta parte hartzaileek bozkatzen dute surflaririk hoberena. 

Parte hartzen ari diren gizonezko surflari internazionalen artean daude Tom Curren, Clay Marzo, Dylan Graves, Kaito Ohashi eta McKenzie Bowden. Emakumeen artean dira, berriz, Juliette Lacom, Lee-Ann Curren, Maud Le Care eta Lillian Younge. Eta, noski, surflari euskaldunak ere lehian dira; hala nola Ainara Aymat, Garazi Sanchez, Kepa Acero, Ander Mendiguren, Aritz Aranburu, Iñigo Idigoras, Rudy Palmboom eta Kepa Housset.

Egitaraua:

Gaur, ostirala:

  • 07:00-17:00. Surf eguna, Pukas surf eskolaren aurrean.
  • 17:00-19:00. Koaina surf erronka, Pukas surf eskolaren aurrean.
  • 21:00. Festa, King Konsulen zuzeneko kontzertua, Shelter tabernaren aurrean.

Bihar, larunbata:

  • 06:00-19:00. Surf eguna, Pukas surf eskolaren aurrean.
  • 10:00-16:00. Hemezortzi urtez azpikoen surf txapelketa, Pukas surf eskolaren aurrean.

Igandea, urriak 4:

  • 07:00-18:00. Surf eguna, Pukas surf eskolaren aurrean.
  • 16:00-18:00. Skate txapelketa, skateparkean.
  • 18:00-20:00. Dr Murge eta Rotten Falafel taldeen kontzertuak, hondartzan.

Astelehena, urriak 5:

  • 07:00-18:00. Surf eguna, Pukas surf eskolaren aurrean. 

Asteartea, urriak 6:

  • 20:00-22:00. Bozketa, Shelter tabernan.
  • 22:00. Sari banaketa eta Mario Azurza DJa, Shelter tabernan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide