Hamabost urteren ondoren, bueltan

Enara Ariznabarreta

Azken hamabost urteetan egindako lanen aukeraketa aurkeztu du artistak, pintura, eskultura, instalazio eta lan informalagoekin.

Artistak bere azken hamabost urteetako lanen aukeraketa aurkeztu zuen ostegunean Sanz Eneako erakusketa aretoan. Jende ugari hurbildu zen bertara, Salaberriaren lagunak eta familia, besteak beste, eta arratsalde atseginaz gozatzeko aukera izan zuten. Salaberriak erakusketako lau gelak zeharkatu zituen Idoia Jauregiren eta Irune Urbieta kultura zinegotziaren laguntzarekin, eta gela bakoitzeko lanak aurkeztu eta azaldu zituen bertaratu zirenen aurrean. Erakusketa azaroaren 15era arte egongo da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara. 

Mostran formatu txiki eta ertaineko pintura eta eskulturak daude ikusgai. Pinturak mihise eta paper gainean egindako lan akrilikoak dira, eta kolore desberdinak ikus daitezke bertan. Eskulturek, maketek eta instalazioek, berriz, hainbat material erabiltzen dituzte, hala nola, kartoia, plastikoa, porexa, alanbrea, zementua edota imanak. Salaberriak azaldu zuenez, papereko margolanak dira lan berrienak, mihiseak gordetzeko leku nahikorik ez zuelako hasi baitzen paperean lanean: "Hainbeste mihise ez zitzaizkidan sartzen eta paperean hasi nintzen egiten, karpetetan gordetzeko".

Bertaratzen direnek, mugimendua duten hainbat eskulturaz gozatzeko aukera ere izango dute, nahiz eta artistak ez dituen martxan jarri. "Ez ditut mugimenduan jarri, zarata ateratzen dute eta", azaldu zuen Salaberriak barre artean.

Azken gelari Dibertimenduak izena jarri dio. Bertan ilustrazioak, marrazkiak, postalak, komikiak, akuarelak eta gouacheak bildu ditu. Artistaren hitzetan, lan hauek lan informalagoak dira, eta "horietako asko istorio baten parte dira, amaiera zehatzik ez duten istorioak". Gainera, horietako marrazki batzuk lagunei urtebetetzeetan oparitzeko ere egin izan dituela aitortu zuen.

15 urteren ondoren

Salaberriak 2011n egin zuen lehen erakusketa Sanz Enean, eta hamabost urte geroago aretora itzuli da urte hauetan egindako lana erakustera. Idoia Jauregik erakusketarako prestatutako testuan artistaren ibilbideari eta sorkuntza-unibertsoari erreparatzen dio, eta haren lanetan agertzen diren mundu hipotetikoak, makinak, ordena eta umore berezia nabarmentzen ditu.

Aurkezpenean, artistak eskerrak eman zizkien Miriam Gonzalez de Etxabarriri, aretoa hamabost urte geroago berriro erabiltzeko aukera emateagatik, eta baita Irune Urbieta kultura zinegotziari eta Zarauzko Udalari ere. Era berean, Idoia Jauregik idatzitako testua nabarmendu zuen, eta malko bat edo beste isuri zituen Salaberriak familiaren eta lagunen artean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide