'Azken agurra', ametsak betetzen laguntzeko

Enara Ariznabarreta

Iñigo Azpitarte, 'Azken agurra' filmean. (Txintxua films)

Iñigo Azpitarte da Koldo Almandozen Azken agurra filmaren protagonista. Zinemaldian aurkeztuta, esperientzia "paregabea" izan dela dio aktoreak.

Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioan aurkeztu zuen Iñigo Azpitarte aktore zarauztarrak Koldo Almandoz zuzendariaren aginduetara egin duen Azken agurra. Komedia existentzialista horren protagonista Tomas da, bizitza korapilatsuan murgildutako gizona, eta Azpitartek bete du rol hori. Zarauztarrarentzat, film luze batean egin duen lehen protagonista lana izateaz gain, filma etxean aurkezteko aukera ere izan da. 

"Amets bat bezala bizi izan ditut Zinemaldiko egunak", aitortu du Azpitartek. Txikitan hasi zen antzezten, eta betidanik izan du Zinemaldia erreferentzia gisa. Horregatik, etxean pelikula bat aurkeztea "oso polita" izan dela dio. Ez zuen, ordea, Zinemaldia barrutik horrelakoa izango zela imajinatzen. Jaialdiaren gaineko ideia bat zeukala azaldu du, baina barrutik ezagutzean, aldatuz joan zaio. Aktore zarauztarraren hitzetan, "emozio askoko egunak" izan dira.

Almandozen aukera

Azpitartek ez zuen ausaz eskuratu Tomasen rola. Duela bi urte inguru, Zeru ahoak telesaila grabatu zuen Almandozekin, eta grabaketa amaitzean, argazki batzuk egiteko eskatu zion zuzendariak. Proiektu berri bat zuela ere aipatu zion. Gerora, antzerkian ikusi zuen zuzendariak zarauztarra, eta filma aurrera eramateko finantzaketa eta gainerakoak lortu zituenean, deitu egin zion. "Nigan pentsatu zuela esan zidan", kontatu du aktoreak. Proba bat egin zuen, baina ez deialdi ireki batean: "Zorte handia izan nuen, ni aukeratu ninduen hasieratik".

Proiektuaren lehen erreferentziak jaso zituenean ere argi sentitu zuen interesa. "Asko gustatu zitzaizkidan. Hasieratik egin zitzaidan oso erakargarria", azaldu du. Aktore gisa, pertsonaiaren konplexutasuna egin zitzaion bereziki erakargarria. Tomas zauri handiak dituen gizona da, bere barneko egoerari aurre egiteko tresna gutxi dituena. Kanpora begira maskara bat eraiki du, batzuentzat "nahiko higuingarria" izan daitekeena; barrutik, ordea, "oso gaizki dagoen gizon bat da", Azpitarteren hitzetan.

Zauri horietatik abiatuta eraiki du pertsonaia. Hasieran ez zuen gidoi osoa irakurri, probarako eszena batzuk baizik. Garai hartan Madril eta Donostia artean bidaia asko egiten zituenez, horietako batean Gasteizen jaitsi, eta lau egun eman zituen pertsonaia irudikatzen. Behin rola eskuratuta, Almandozekin batera osatu zuen. "Bere proposamenen eta nire proposamenen artean erdibideko zerbait aurkituz eraiki genuen pertsonaia, elkarlanean". Izaro Nietorekin egindako lanketa ere "bereziki garrantzitsua" izan dela nabarmendu du.

Erantzukizuna

Film luze batean pertsonaia nagusia hezurmamitzea erronka izan da Azpitarterentzat. Aurretik hainbat lan egin baditu ere, ez zuen orain arte "hain intentsitate handiko" rolik bete izan. Horregatik, alde batetik, "jolasteko kristoren aukera" izan dela dio; bestetik, "erantzukizun potolo bat" ere bai. "Zugatik apustu egiten ari dira, eta eskertzan eman nahi duzu lan hori", nabarmendu du. 

Almandozekin izandako harremana ere funtsezkoa izan da prozesuan. Azpitarteren hitzetan, zuzendaria "detaileak zaintzen eta aurretik asko pentsatu eta lantzen dituen pertsona" da. Grabaketan "lan handia egin" zuen, bai zarauztarraren pertsonaiari erreparatuz, bai lantalde osoaren lana gidatuz. Hala ere, lanaren zorroztasunarekin batera, umorerako tartea ere izan zutela zehaztu du Azpitartek: "Harreman oso ona daukagu, eta barre asko egin dut berarekin". 

Azken agurra komedia existentzialista gisa definitu du Almandozek behin baino gehiagotan, baina Azpitartek azaldu du interpretazioan ez duela umorea bilatu behar izan. "Norberak bere pertsonaiarengan sinesten du. Komedia gero sortzen da". Tomasentzat, gertatzen dena benetakoa da; ez dauka txiste bat egiten ari denaren kontzientziarik. "Tomas, Tomas da. Tomasek ez du pentsatzen 'txiste bat egingo dut honekin', Tomas benetan ari da", azpimarratu du aktore zarauztarrak.

Hori izan da, hain zuzen ere, Azpitarteren erronka nagusietako bat: pertsonaiari zintzo eustea. "Antzezten ari zarenean, badakizu antzezten ari zarela. Orduan, zailena pertsonaiarekiko zintzoa izatea izan da, eta nire harrokeria ahalik eta gutxien antzematea". Prozesua, esperientzia bera, izan da aberasgarria aktorearentzat: "Nire maskara horiei begiratzen erakutsi dit".

Etorkizuneko nahiak

Filmaketako une ugari ditu gogoan Azpitartek. Eszena bat aldez aurretik landu daitekeela azaldu du, baina grabaketa egunean, aktoreen eta lantalde osoaren lanarekin, "zerbait desberdina" gertatzen dela. "Bat-batean, pertsonaiaren beste gauza batzuk sentitzen dituzu", dio, eta une horiek "oso magikoak" izan direla aitortu du.

Zinemaldiko esperientzia amaituta, ordea, ez du geldirik egoteko asmorik Azpitartek. Ikus-entzunezko bi proiektu ditu esku artean: HBOren Infamia telesaila, eta El Niño filma. Halaber, gaur itzuliko da antzerkira, Desobedienteak obrarekin, eta Euskal Herrian barrena ibiliko dira lan hori ematen.

Etorkizunean probatu nahiko lituzkeen pertsonaien artean bi aipatu ditu zarauztarrak, oso desberdinak: mafioso bat eta superheroi bat. "Mafioso bat antzeztea gustatuko litzaidake, polita litzateke horrelako pertsonaia bat euskaraz egitea". Superheroi baten azalean jartzeko gogoa ere badu, "dibertigarria" izango litzatekeela iruditzen zaio.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide