60+ Adinekoen Udazkena ekimena aurkeztu dute, "zaintza duina" aldarrikatuz

Eneko Eizagirre Perez

Hainbat ekintza antolatu dira urrian zehar adineko pertsonentzat, eta hori aurkezteko ekitaldi berezia egin dute gaur Santa Klara komentuan, Adineko Nazioarteko Egunean. Era berean, zaintza erdigunean jartzea eskatzeko adierazpena egin dute.

Adineko Nazioarteko Egunarekin da gaur eta hori ospatzeko eguerdian ekitaldi berezia egin dute Santa Klara komentuan. 60+ Adinekoen Udazkena ekimenari hasiera emateko jarduera izan da eta hilabetean zehar egingo diren ekintzen aurkezpena egiteaz gain, Udaberri abesbatzak eta dantza taldeak emanaldia eskaini du, kantuekin zein hainbat koreografiekin. Lagun giroa izan da nagusi, baina aldarrirako tartea ere baliatu dute antolatzaileek.

Hain justu ere, adineko parte hartzaileek haien ahotsa entzunarazi nahi izan dute, eta aurten ere nazioarteko egunaren harira, haien adierazpena irakurri dute. "Bizitza osoan zehar lan egin dugu, zaindu dugu eta gure komunitatea eraikitzen lagundu dugu. Orain, gure bizitzaren etapa honetan, duintasunez bizitzeko, erabakiak hartzeko eta gizartean parte hartzen jarraitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu", nabarmendu dute. Hori horrela, zaintza erdigunean jartzea eskatu dute: "Zaintza duinak, hurbilekoak eta kalitatezkoak bermatuko dituen herria nahi dugu; bakardadeari aurre egingo diona, laguntza behar duten pertsonak babestuko dituena eta zaintzaileak ere zainduko dituena".

Era berean, argi utzi nahi izan dute zaintza jasotzeaz gain, zaintza ematen ere jarraitzen dutela. Zentzu horretan,  "esperientzia, ezagutza eta komunitatearekiko konpromisoa" eskaintzen dutela zehaztu dute,  eta herriko bizitza sozialean, kulturalean eta komunitarioan parte hartzen jarraitu nahi dutela. Zahartzaroa bizitzaren etapa baliotsua dela esanez borobildu dute hitzartzea, eta adina edozein dela ere, pertsona guztiak errespetuz, duintasunez eta zaintzaz tratatuko dituen herria eraikitzeko deia egin dute.

Hilabete bete ekintza

Hainbat dira urrian zehar Zarautzen egingo dituzten ekintzak. Arantza Lizartzak aurkeztuta, urriaren 6ean zein izan behar da lehen begirada lehen arretan? Hitzaldia izango dute Modelo aretoan 19:00etan. Egun berdinean eta hurrengoan, Udaberri jubilatu elkartean joko desberdinak egingo dituzte. 10:00etan izango dira patioko jokoak, 16:00etan, berriz, mahai jokoak hasiko dira. Aldez aurretik elkarte bertan izena eman beharko da parte hartzeko. Aste berdinean, urriak 8an, bingo musikatua eta eskulan tailerra egingo dituzte frontoi txikin. Lehena 10:00etan izango da eta bigarrena 17:00etan.

Urriak 14ean bi ekintza egingo dituzte. Alde batetik, biotopoa ezagutzeko bisita gidatua egingo dute eraztun berde urdinaren eskutik 10:30ean. Bestalde, arratsaldeko 18:00etan heriotzaren inguruko solasaldia egingo dute Udaberri jubilatuen elkartean. Urriaren 28an ere solasaldi berdina egingo dute toki eta ordu berdinean. Hitzordu hauetan aldez aurretik eman behar da izena zarautzherrizaintzailea@gmail.com helbidera idatzita. Hilak 15ean, Alzheimerra izango da erdigunean, izan ere, Las estrellas ardientes dokumentala ikusi ondoren solasaldi bat egingo dute Antoniano aretoan 18:00etan.

Hilaren hirugarren asteari dagokionez, aktibitate fisikoan jarriko dute fokua. Izan ere, Santa Anako erabiltzaileekin bizikleta paseo bat egingo dute urriaren 20ean, 10:30ean. Arrosategi parkean izango dira olinpiadak hilaren 22an, 11:00etan. Astea ixteko, urriaren 24ean dantza arratsaldea egingo dute Udaberri jubilatu elkartean 19:00ean. Azkenik, urriaren 29an ESI Donostialdearen eskutik, ariketa fisikoa, kirola eta osasuna sustatzeko hainbat jarduera egingo dituzte Santa Klaran, 19:00etan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide