Amaitu da aurtengo hondartza denboraldia, eta urtero bezala, Zarauzko Udalak bertan eskainitako sorospen eta zaintza zerbitzuen balorazioa egin du. Haren esanetan, denboraldi "lasaia" izan da.
Aurtengo denboraldian, sorospen zerbitzuak guztira 292 esku hartze erregristratu ditu –iaz 367 izan ziren–. Horietatik, 127 abuztuan izan dira, 106 uztailean, 34 ekainean eta 25 irailean. Adinari dagokionez, 13 eta 17 urte bitartekoen eta 18 eta 30 urte bitartekoen artean izan dira esku hartze gehien.
Uretan egindako erreskateei dagokionez, guztira 51 izan direla jakinarazi du erakundeak –iaz 92 izan ziren–. Gehienak uztailean eta abuztuan izan dira, hogeina erreskate egin baitituzte hilabete bakoitzean. Erreskate hauetan, guztira 135 pertsona salbatu dira. Halaber, bainu egokituaren zerbitzua ere eskaini dute Zarauzko hondartzan. Aurtengo denboraldiari dagokionez, bederatzi bainu egokitu egin dituzte.
Hondartza denboraldia amaitu da, eta horrekin batera amaitu dira sorospen zerbitzuak Zarauzko hondartzan. Horregatik, aurrerantzean "tentuz" jokatzeko eskatu die udalak herritarrei, "itsasoko korronteekin kontu handia" edukitzeko.