Lolo Mohsen Gazako errefuxiatua da. Israel Palestinan egiten ari den sarraskitik iheska, Euskal Herrian aurkitu du babeslekua, seme-alabekin. CEAR errefuxiatuei laguntza ematen dien gobernuz kanpoko erakundearen bitartez, Zarautzera etorri zen familia, eta azken hilabeteak herrian eman dituzte, bizitza berri bat eraikitzen. Urtebetez CEAR-ek lagatako teilatupean bizitzeko epea, ordea, amaierara iristear da. Orain, Zarautzen beste etxe bat aurkitzeko erronka du familiak, eta aspalditik dabiltza aukera berrien bila. Hilabeteetako lanak, baina, ez die fruiturik eman. Zarautz bezalako herri batean bizileku bat lortzeak dituen zailtasun handiei, errefuxiatu izatearen zama gehitu zaio. "Etxeak Zarautzen izan behar du, hemen hasi baikara bizitza berri bat egiten, eta gustura gaude", aitortu du Mohsenek.
35 urteko emakume gazatarra da Mohsen, eta berarekin batera etorri dira seme-alaba nerabeak: Maher, 15 urteko seme nagusia, eta Mena, 13 urteko alaba gaztea. "Familia batek Gazatik ihes egin behar duenean, emakumeei eta haurrei martxa egiten uzten diete. Gizonek, aldiz, han geratu behar dute", kontatu du amak. Adb Samad Mohsen familiako aita oraindik Gazan dago, hurrengo familia elkartzearen zain. Sorterriarekin duten komunikazioa oso eskasa dela jakitera eman du Lolok, "hango Interneteko konexioa ez baita onena". Hala ere, harremanetan jarraitzen dute familiako lau kideek. "Ez dakigu zehazki senarra noiz etorriko den, baina laster elkartuko garela aurreikusten dugu", dio, itxaropenik galdu gabe.
CEAR erakundearen bitartez iritsi baziren ere, ez zen batere erraza izan Euskal Herrirainoko bidaia. 2023ko urriaren 31n hankaz gora jarri zuen familiaren bizitza Israelek haien etxera botatako lehergailu batek. Hondakinetan bi orduz atera ezinik egon zirela kontatzean, Mohseni aurpegian nabari zaio benetan iltzatuta dutela data hori, oso-oso barruan. Izan ere, etxeko senide bat ez zen sekula hondakin haietatik atera.
"Hogei egun egon ginen Gazako ospitalean, eta mediku bakarra zegoen guztioi artatzeko. Hari laguntzen aritzen nintzen", kontatu du. Gaza hegoaldeko errefuxiatu gune batera joan ziren ospitaletik ateratakoan, eta han egon ziren bost hilabetez. Gazatik irtetea lortu zutenean, Egiptora iritsi ziren. "Egipton ez genuen ezer, ospitaleko ohe bat bakarrik." Afrikako herrialdean zazpi hilabete eman ondoren, CEAR-ek Bilbora ekarri zuen familia.
Jabalia hiriko etxean jasandako erasoak, ondorio psikologikoez gain, ondorio fisikoak ere utzi ditu familian. "Bilbora beranduago iritsi bazinate, Maherrek hanka galduko zukeen". Amak gogoan ditu Euskal Herrira iritsitakoan medikuak esandako hitzak. Semeak bidaia osoa lehergailuaren metraila hankan zuela egin zuen, eta Bilbon egin zioten ebakuntzari esker osatu zen. Hala ere, etxean jasandako sarraskiaren ondorio fisikoak jasaten jarraitzen du gazte gazatarrak oraindik ere. Zarautzen, hankan dituen zauriei jarraipena egiteko aukera dute. "Zarautzen daukagu Maherren medikua, eta hori da hemendik mugitu nahi ez izateko arrazoietako beste bat".
Laguntzeko prest
Bilbon bizitzen egon ziren aldian "munduaren orbain bat gehiago" besterik ez zirela dio Mohsenek: "Inor ez zen kezkatzen gutaz. Zarautzen, aldiz, alderantzizkoa da. Jendea gehiago ari da arduratzen gu laguntzeko". Bilbon igarotako denboran ez bezala, Zarautzen sustraiak botatzeko aukera izan dute. Maherrek eta Menak harreman sendoak egin dituzte Salbartore Mitxelena ikastolan. Amak ere lagun taldea osatu du, eta gaztelania ikasten ari da. "Zarautz oso bestelakoa da Bilborekin alderatuta, hemen laguntzen nauten lagunak ditut. Maherrek eta Menak ere lagunak egin dituzte ikastolan". Familiak Zarautzen eraiki ditu etorkizunerako helburuak ere. Gaztelania menderatzean, erizaintzako laguntzaile izateko ikasketekin hasteko asmoa du Mohsenek. Gazako ospitaletan lagunduz ikusi zuen ogibide hori gustuko zuela.
Zarauko lagunekin batera, hilabeteak daramatzate herrian etxebizitza bat aurkitu nahian. Agentzien bidez lortzea "amesgaizto" bihurtzen ari dela diote. Zarautzen etxebizitzak "ahoz aho" alokatzen direla azaldu dute. Etxebizitza lortzeko bide alternatiboen bila, exijentzia handirik ez du jarri mahai gainean familiak. Baldintza bakarra da etxeak Zarautzen egon behar duela. "Igogailua badu, hobeto. Bi logela baditu, hobeto. Baina egoera ez dago ezer exijitzeko. Zarautzen behar dugu etxe bat". Zarauzko etxejabeei egin nahi diete deialdia. "Egoera oso larria da, ez gara ari eskatzen familiari etxe bat oparitzeko, alokairu duin bat ordaintzeko gaitasuna badute", azaldu dute mohsendarren lagunek.
Euskal Herrian jaso duten harrera oso positiboa izan dela diote. Hala ere, familia gazatarrak egunen batean Jabalia hirira itzultzea du buruan. Baina egun hori iritsi aurretik, Zarautzen nahi dute jarraitu etorkizun berri hori eraikitzen familiako lau kideek. “Ez dugu nahi Zarauztik mugitzerik. Beste herri batera joanez gero, hutsetik hasi beharko genuke. Ez dugu aldaketa gehiago nahi".