Photomuseumeko aldi baterako erakusketen barruan, Terra argazki bilduma aurkeztu du Maite Saavedrak. Sortzaileak kontatu duenez, bildumak "zentzumenen esperientzia bat" izan nahi du, "eta hausnarketa intimo eta isila eragin nahi du".
Itsasoa, Flyschak, zerua eta antzerakoak dira argazkietan protagonistak. "Igotzen eta jaisten ari den olatu iraunkorrak entzuteak uharriak urratzen dituela dirudi, harrien eta harkaitzen formak eta moldeak, flyscharen erritmoak eta testurak eta uraren gainean inprimatzen diren zeruaren arrastoak", dio Saavedrak.
Argazkiak, gainera, testuekin jantzi ditu Miren Agur Meabek. Photomuseumek jakitera eman duenez, bi protagonistekin hitzaldia antolatu dute zinema aretoan bertan, urriaren 23an, 18:00etan, euskaraz. Erakusketa, berriz, azaroaren 1era arte egongo da zabalik.