Udan euskara ikasi duten zarauztarrei diru laguntzak emango dizkie udalak

Enara Ariznabarreta

Zarauzko AEK-ko irakasleak malekoian, 2021ean. (Aizu!)

Guztira 3.500 euro banatuko ditu udalak, eta eskaerak egiteko epea zabalik egongo da urriaren 9ra bitartean. Zarauzko herritarren %74a elebiduna da, eta hori mantentzea da udalaren helburua.

Zarauzko Udalak euskara ikasteko diru laguntzak banatuko dizkie uda honetan euskara ikasten aritu diren zarauztarrei. Honen helburua, udalerrian euskararen erabilera ahalik eta gehien zabaltzea, eta elebidunen kopurua handitzea da. Udalak guztira 3.500 euro banatuko ditu matrikularen %50a ordaintzeko, eta %75a langabezian dauden ikasleen kasuan. 

Eskaera egiteko baldintzak

Diru laguntza jaso nahi dutenek honako baldintzak bete behar dituzte: 2026ko udan euskalduntze edo alfabetatze ikastaroren bat egina izatea; diru laguntzaren xede den ikastaroak irauten duen bitartean Zarauzko udalerrian erroldatuta egotea; eta ikastaroan eskainitako orduen %80, gutxienez, hartu izana.

Eskaerak urriaren 9ra bitartean egin beharko dira, eta aurrez aurre egin nahi dutenek, Udaletxeko HAZ Herritarren Arreta Departamentuan (Kale Nagusia, 29) egin beharko dute. Telematikoki egin nahi dutenek, berriz, udalaren zerbitzu telematikoen bidez egin beharko dute, eskaera telematikoa estekaren bitartez.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Euskara departamentuarekin harremanetan jarri daiteke, 943-00 51 16 telefonora deituz edota euskaraz@zarautz.eus helbidera idatziz.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide