Twin Fin Invitational txapelketak bihar ekingo dio lehiari

Intza Trula

Twin Fin Invitational surf txapelketako irudi bat. (Twin Fin Invitational)

William Allioti surflari frantsesak antolatutako hitzorduak kontzertuak, dokumental emanaldiak eta surfa uztartuko ditu. Egitasmoak ia astebete iraungo du, eta olatu onenak dituen bi egunetan jokatuko dute txapelketa.

Bihar goizean goiz hasiko dute William Allioti surflari frantsesak antolatutako Twin Fin Invitational surf txapelketa. Urriaren 6ra arteko egitaraua aurkeztu dute, eta surfaz gain, besteak beste, kontzertuez eta dokumentalen emanaldiez gozatu ahal izango da. Txapelketaren helburua garbia da: munduko surflari onenetako batzuk bildu eta twin fin taularen gainean ikuskizuna eskaintzea.

Txapelketari dagokionez, txanda bakoitzak 30 minutu iraungo ditu, eta horietako bakoitzean sei edo zazpi surflariko talde misto bat egongo da uretan. Inor ez dute lehen txandan kaleratuko, parte hartzaile guztiek gutxienez bi txanda oso jokatuko baitituzte. Gainera, txapelketak ez du epaile ofizialik izango, eta parte hartzaileek bozkatuko dute surflaririk hoberena. Hitzorduak iraungo duen egunetatik bi hautatuko dituzte antolatzaileek, uretara sartu eta lehiatzeko.

Parte hartuko duten gizonezko surflari internazionalen artean daude Tom Curren, Clay Marzo, Dylan Graves, Kaito Ohashi eta McKenzie Bowden. Emakumeen artean, berriz, parte hartuko dute Juliette Lacomek, Lee-Ann Currenek, Maud Le Carek eta Lillian Youngek. Eta, noski, surflari euskaldunak ere izango lehian; hala nola Ainara Aymat, Garazi Sanchez, Kepa Acero, Ander Mendiguren, Aritz Aranburu, Iñigo Idigoras, Rudy Palmboom eta Kepa Housset.

Egitaraua:

Bihar, asteazkena:

  • 07:00-18:00. Surf eguna, Pukas surf eskolaren aurrean.
  • 19:00-22:00. Garazi Sanchez, Lillian Young, Eli Beukes eta William Aliottiren filmak, Shelter tabernan.

Etzi, osteguna:

  • 07:00-18:00. Surf eguna, Pukas surf eskolaren aurrean.
  • 20:00-23:00. Tom, Lee-Ann eta Pat Currenen zuzeneko kontzertuak, Shelter tabernan.

Ostirala, urriak 2:

  • 07:00-17:00. Surf eguna, Pukas surf eskolaren aurrean.
  • 17:00-19:00. Koaina surf erronka, Pukas surf eskolaren aurrean.
  • 21:00. Festa, King Konsulen zuzeneko kontzertua, Shelter tabernaren aurrean.

Larunbata, urriak 3:

  • 06:00-19:00. Surf eguna, Pukas surf eskolaren aurrean.
  • 10:00-16:00. Hemezortzi urtez azpikoen surf txapelketa, Pukas surf eskolaren aurrean.

Igandea, urriak 4:

  • 07:00-18:00. Surf eguna, Pukas surf eskolaren aurrean.
  • 16:00-18:00. Skate txapelketa, skateparkean.
  • 18:00-20:00. Dr Murge eta Rotten Falafel taldeen kontzertuak, hondartzan.

Astelehena, urriak 5:

  • 07:00-18:00. Surf eguna, Pukas surf eskolaren aurrean. 

Asteartea, urriak 6:

  • 20:00-22:00. Bozketa, Shelter tabernan.
  • 22:00. Sari banaketa eta Mario Azurza DJa, Shelter tabernan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide