Urriaren 16an jarriko dituzte salgai IV. kantu bazkariko txartelak

Eneko Eizagirre Perez

Herritarrak iaz Santa Barbara jatetxean, Zirikak antolatutako kantu bazkarian. (Zirika)

Zirika euskara elkarteak antolatuta, IV. kantu bazkaria egingo dute Santa Barbara jatetxean, azaroaren 7an. Txartelen salmenta urriaren 16an hasiko da, Zirikaren bulegoan.

Laugarren urtez, Zirika euskara elkarteak kantu bazkaria antolatu du herritarrentzat. Azken urteetan bezala, aurten ere Santa Barbara jatetxean izango da otordua, azaroaren 7an, larunbatez.

Entsalada mistoa, legatz arrautzeztatua onddo-saltsarekin eta txerri masailak saltsan izango da bazkariko menua. Gainera, postrea, etxeko ardoa eta kafea ere sartzen dira 32€ko prezioan. Aurtengoan, EinGo taldeak girotuko du bazkalostea.

Bazkarirako txartelei dagokienean, urriaren 16an jarriko dituzte salgai. 18:00etatik 20:00etara bitartean izango da salmenta, Zirikaren bulegoan (Zigordia 34) edota online. Pertsonako gehienez bost txartel hartu daitezke, eta erosterakoan adierazi beharko dute menu begetarianoa edo beganoa jango duten. Janariren bati alergia izanez gero ere une horretan abisatu behar da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide