Herritar ugari elkartu da gaur eguerdian Zarauzko hilerrian, Gudari Egunaren harira. Gaur, 51 urte bete dira Francoren erregimenak Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra, Angel Otaegi azpeitiarra eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituztela. Urtero bezala, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatuta, Txikiren hilobiaren aurrean egin dute omenaldi ekitaldia.
Ordu erdi lehenago, Ahaztuak 1936-1977 elkartearen ekimenera batu aurretik, herriko ezker abertzaleko kideek Jose Benito Mujika Zumeta Xenki, Angel Iruretagoiena Elorza Piru eta Jose Maria Eizagirre LaburuTapi ere gogoan izan nahi izan dituzte. Haien hilobietan ingurumarian elkartu dira, zeinetan haien argazkiak eta ikurrinak jarri dituzten xingola beltzekin. Halaber, oroitu dute Piruren heriotzaren 50. urtemuga dela, eta abenduan Tapirena izango dela.
Agurra dantzatuz eman diote hasiera ekitaldi nagusiari, 12:00etan. Txikiren hilobi gainean, Ikurrina eta Espainiako errepublika garaiko bandera zeuden jarrita, fusilatuen irudiekin batera, baita Zarauzko beste hiruren argazkiekin batera ere. Era berean, hainbat krabelin gorri, oroitzapen eta maitasun ikur modura. Jarraian, urteroko lagun taldeak Askatasun haizea abestu du, lehen lerroan zeuden Txikiren familiako kideen aurrean.
Ekitaldian, Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kide Martxelo Alvarezek hartu du hitza, eta, besteak beste, egun pil-pilean dagoan oldarraldi faxista izan du hizpide. Horren aurrean, jarrera antifaxista ezinbestekoa dela adierazi du, kalean ez ezik, erakundeen aldetik ere bai. Ezker abertzaleko kide Haimar Arozenak, bere aldetik, gutun sentitua irakurri dio Txikiri, haren amets politikoak zeintzuk ziren eta bete direnak eta direnak azaldu nahi izan dizkio. Gure Boza kantu taldeak Luis Eduardo Auteren Al alba abestia kantatu du elebitan, non bertaratu direnek bat egin duten haiekin kantuan, eta ekitaldiari amaiera emateko, Eusko gudariak abestu dute.
Ahaztuak 1936-1977 elkartearen hilerriko ekitaldiaren ondoren, ezker abertzaleak bigarren ekitaldi bat egin du jarraian. Villa Manuelan elkartu dira, Gudarien monolitoaren aurrean, eta Gogoratuz abestiarekin ekin diote saiori. Ondoren, hitza hartu dute bi kidek: "Urtero oroimenez eta aldarrikapenez bete eta harrotasunez bizi dugun eguna da gaurkoa, eta arian-arian, nazio askapen mugimenduaren eguna bilakatu dena".
Nazio askapen mugimendua zerbait bada, "borrokarako komunitate bat" dela azpimarratu dute. Zentzu horretan, "Euskal Herriaren alde borrokan ari zen, ari den eta haren askatasuna lortu arte borrokan ariko den komunitatea izateak batzen gaitu irailaren 27 bakoitzean", gaineratu dute. Hitzartzearen amaieran, hainbat lagunek Xenki, Piru, Tapi eta Txikiren argazkiak zeuden monolitoan krabelin gorriak utzi dituzte.