Udalak hasierako onespena eman dio ostatu turistikoen erabilera arautzeko HAPOaren aldaketari

Enara Ariznabarreta

Etxebizitza turistikoen seinalea atari batean. (Utzitakoa)

EH Bilduren eta PSE-EEren proposamen bateratuak hasierako onespena jaso du, eta Zarautz saturazio-atalasearen gainetik dagoen bitartean ez da ostatu turistiko berririk baimenduko.

Zarauzko Udalak hasierako onespena eman dio ostatu turistikoen erabilera arautzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketari. Erabakia duela urtebete EH Bilduren eta PSE-EEren babesarekin onartutako mozio baten ondorioetako bat da. Orduan, ostatu turistikoen hazkundearen aurrean neurriak hartzeko beharra planteatu zuten, eta 2025eko irailean araudi berria prestatzeko espedientea abiatu zuen udalak. Tramitazioak iraun bitartean, urtebeteko baimen-etetea ezarri zuten.

EH Bilduren hitzetan, aldaketaren tramitazioan, EAJK Zarautz auzoka sailkatzea proposatu zuen, eremu batzuk saturatutzat eta beste batzuk saturatu gabekotzat hartuta. Zehazki, saturazio handiena duten eremu gisa Alde Zaharra, Itsasertza, Iñurritza eta Salbide identifikatu ziren, eta proposatutako araudiak horietan bakarrik mugatzen zuen ostatu turistiko berrien ezarpena.

EH Bilduk, ordea, ez zuen planteamendu hori egokitzat jo. Udal Gobernuak agindutako memoriaren arabera, Zarautzek 4.229 plaza turistiko ditu gaur egun, hau da, 100 biztanleko 18,3 plaza, eta dokumentuak saturazio-atalasea 100 biztanleko hamar plazatan ezartzen du. EH Bilduren arabera, "udalerri osoa dago muga horren gainetik". Gainera, azpimarratu du, memoriak ondorioztatzen duela "etxebizitzaren gaineko presioa ez dela auzo jakin batzuetako arazoa soilik, Zarautz osoari eragiten dion fenomenoa baizik".

Bi mailako mekanismoa

Egoera horren aurrean, EH Bilduk eta PSE-EEk alternatiba bateratua aurkeztu zuten, eta osoko bilkurak proposamen hori onartu du. Onartutako proposamenaren formulak bi mailako mekanismoa ezartzen
du. Alde batetik, Zarautz osoak saturazio-atalasea gainditzen duen bitartean ezingo da ostatu turistiko berririk baimendu. Era berean, etorkizunean udalerriko batez bestekoa 100 biztanleko hamar plaza turistiko baino gutxiagora jaisten bada, orduan egingo litzateke auzokako azterketa, eta auzo bakoitzaren egoeraren arabera aplikatuko lirateke neurriak.

EH Bilduren hitzetan, mekanismo horrek memoriak jasotzen duen diagnostikoari erantzuten dio, eta "arazoa auzo batzuetatik besteetara lekualdatzea" saihesteko aukera ematen du. Udalerri osoari eragiten dion arazoa den heinean, "konponbideak ere herri osoari begirakoa" izan behar duela azpimarratu dute.

Etxebizitza eta turistifikazioa erdigunean

EH Bilduren arabera, eztabaidak agerian utzi du "ezkerreko ikuspegi batek politika publikoetan egin dezakeen ekarpena", eta etxebizitzarako eskubidea, herritarren bizi kalitatea eta turistifikazioak herriaren garapenean izan ditzakeen ondorioak erdigunean jarri dituela azpimarratu du.

Halaber, onartutako formulak udalerriaren egoerari erantzuten diola eta etorkizuneko bilakaerara egokitzeko mekanismo objektiboak jasotzen dituela nabarmendu du. EH Bilduren iritziz, hartutako neurria "urrats garrantzitsua" da Zarautzen turismoaren eta etxebizitzaren arteko oreka bilatzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide