Irekita dago ZKEren squash taldean inskripzioa egiteko aukera

Eneko Eizagirre Perez

Pasa den edizio bateko lagunarteko squash txapelketa. (Raul Parmo)

9 eta 18 urte arteko gazteentzako eskolak emango dituzte. Raul Parmo izango da aurten ere irakaslea.

Martxan da aurtengo squash denboraldia, eta bertan izena eman nahi dutenek zabalik dute inskripzioa egiteko aukera. Urtero legez, Raul Parmo izango da kirolari gazteak bideratuko dituen irakaslea. Izan ere, 9 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako deialdia da hau.

Urriaren lehen astetik maiatzaren azken astera izango da denboraldia, eta entrenamenduei dagokionez, ordu eta erdiko klaseak egingo dituzte astero, ordutegiak aldatzeko malgutasunarekin. Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian izango dira hitzorduak.

"Beste kirolekin bateragarria" den ekintza bat dela azpimarratu du entrenatzaileak. Kirol minoritario bat dela jakinda, "txapelketen presioa alde batera utzi" nahi du, "eta taldekideen arteko giro onari garrantzia eman". Horretarako, urte bukaeran lagunarteko txapelketa bat antolatuko dute urtean zehar ikasitakoa praktikan jartzeko.

Hori hala, kirol desberdin bat egiteko grina duten gazteei egindako gonbidapena da hau, eskualdean gazteek squash entrenamenduak egiteko aukera bakarra baita Parmok eskainitakoa. Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, 699 68 96 88 zenbakira deitu edo p.parmo@gmail.com helbidera idatzi.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide