Datorren astean iritsiko da Twin Fin Invitational surf txapelketaren 3. edizioa Zarautzera. Irailaren 29tik urriaren 6ra, herritarrek eta bertaratzen direnek surf ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera izango dute.
Monsterrek eta Billabongek antolatutako txapelketa, 30 minutuko txanda mistoez eta bi txandaz osatuta egongo da, eta zazpi egunetatik olatu onenak dauden bi egunak aukeratuko dituzte txapelketa egiteko. Gainera, ez da zenbakizko puntuaziorik egongo, eta surflariek izango dute bozkatzeko aukera.
Antolakuntzak jakitera eman duenez, ideia betiko berbera izango da: munduko surflari onenetako batzuk bildu, oinazpian twin fin taulak jarri, eta estiloak, abiadurak, arintasunak eta konpainia onak puntuazioek baino garrantzi handiagoa dutenean zer gertatzen den ikusi. Horrez gain, txapelketak iraungo duen denboran, Zarauzko herria ekitaldiekin, gastronomiarekin, musikarekin eta beste hainbat jarduerekin beteko da. Antolakuntzak laster iragarriko ditu parte hartuko duten surflarien izenak eta egitarau osoa.