Zeinu Hizkuntzen Nazioarteko eguna urtero ospatzen da irailaren 23an. Egun hau, kultura-aniztasuna ikusarazteko, babesteko eta aldarrikatzeko eguna da. Horren harira, El canto de las manos pelikula emango dute Modelo aretoan, 18:00etan hasita.
Emanaldiaren ondoren, solasaldi irekia egingo dute, eta bertan, Euskal Gorrak eta Gipuzkoako Gorren Elkartea erakundeetako kideek hartuko dute parte, zeinu-hizkuntzaren garrantziaz, komunitate gorraren eguneroko erronkez eta gizarte inklusiboago baten eraikuntzan egin beharreko urratsez hitz egiteko.
Ekimen honen helburu nagusia zeinu-hizkuntzaren balioa eta pertsona gorren komunitatearen errealitatea gizarteratzea da, eta Zarauzko Udalak herritar guztiei luzatu die parte hartzeko gonbita, zeinu-hizkuntza eta pertsona gorren errealitatea gertutik ezagutu dezaten.