Ane Santestebani omenaldi beroa eginez abiatu da Kostamendi zikloturista martxa

Julene Sorarrain

Txirrindulari ohiari aitortza eginez eman diote hasiera II. Kostamendi zikloturista martxari. Orotara, 93 kilometro inguruko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, eta lehen txirrindularia 12:15 inguruan iritsiko da Aritzbataldera. Probaren ostean, mokadua egiteko aukera izango da. 

Abian da Kostamendi zikloturista martxa. Zarauztarra txirrindulari elkarteak bigarrenez antolatu du kirol hitzordua, eta aurten, probari ekin aurretik, Ane Santesteban txirrindulari ohia omendu nahi izan dute. Zarauztarra elkarteko gaztetxoek, txistularien laguntzarekin, aurreskua eskaini diote Santestebani irteera lerroan. Eta lore sorta eta txapela soinean, txalo zaparrada beroa jaso du Errenteriakoak gainerako parte hartzaileen aldetik.

Palmares handia baitu Santestebanek: 2013an Espainiako txapelduna izan zen, eta emaitza onak lortu ditu itzuli handietan; zazpigarren postua lortu zuen Italiako Giroan, eta zortzigarrena Frantziako Tourrean. Bada, lorpen horiek guztiak aitortu nahi izan dituzte probako antolatzaileek gaur goizean.  

Behin omenaldia amaituta, guztira 150 parte hartzaile atera dira Aritzbatalde kiroldegiaren ataritik, eta orotara, 93 kilometro inguru eta 1.275 metroko desnibel positiboa duen ibilbideari ekin diote. Besteak beste, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia zeharkatuko dituzte parte hartzaileek eskualdean, baita Gipuzkoako zenbait mendate ere.

Zikloturista martxak eragina izango du trafikoan: proba amaitu arte, itxita egongo da Aitze-Araba kaleko biribilgunetik Aritzbatalde kiroldegira arteko bidea. Zarauztarra elkartekoen arabera, lehen txirrindularia 12:15 inguruan iritsiko da Aritzbatalde kiroldegiaren atariko helmugara. Probaren ondoren, mokadua egiteko aukera izango dute txirrindulariek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide