Bi gurpilen gainean hasi dute eguna herriko gaztetxoek

Julene Sorarrain

Txirrindulari Txikien Eguna ospatu dute gaur goizean Salbide auzoan, Mugikortasun Astearen harira. Hainbat haur eta gaztetxo batu dira hitzordura, kaskoa buruan, herrian zehar itzulia egiteko. Bitartean, malekoian, bizikletak konpotzeko doako zerbitzua eskaintzen aritu dira herritarrei.

Pedalak gogor astinduz hasi dute eguna herriko gaztetxoek. Hain zuzen ere, Mugikortasun Astearen eta Salbideko festen barruan, XXV. Txirrindulari Txiki eguna ospatu dute gaur familia giroan. Goizean goiz, herriko haur eta gaztetxoak Salbideko parkera gerturatzen hasi dira, eta behin taldeak osatuta, itzulia egin dute herrian zehar.

Auzoko jolastokitik abiatu dira, eta erdiguneko hainbat bide oinezkoekin eta ibilgailu motordunekin partekatzea tokatu zaie. Aurtengo edizioan, gainera, Xubi maskota berriaren parte hartzea izan du itzuliak. Honen helburua da herritarrak, bereziki haurrak eta gazteak, "mugikortasun arduratsu eta errespetuzko baten alde lan egiteko beharraz kontzientziatzea".

Ibilaldia amaitu ostean, hamaiketakoa egiteko geldialdia egin dute parte hartzaile guztiek: txokolate beroa eta opiltxoak eskuan, goizean zehar erabilitako indarrak berreskuratu dituzte. 

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak furgoneta bat jarri du goizean malekoian, eta bizikletak konpontzeko doako zerbitzua eskaintzen aritu dira bertan. Bitartean, herritarrek Urrezko maskorraren bila escape room jolasean parte hartzeko aukera izan dute. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide