Bizikletaren gainean hasiko dute bihar egun herriko txikienek

Enara Ariznabarreta

Iazko Txirrindulari Txiki eguna. (Julene Sorrarain)

Txirrindulari Txiki eguna ospatuko dute bihar goizean Salbide auzoan, Mugikortasun Astearen harira. Salbideko jolastokian hasi eta amaituko da ibilbidea, eta parte hartzaileek txokolatadaz gozatzeko aukera izango dute.

Bizikleta elementu garrantzitsua da Zarauzko herrian, eta bihar protagonismo bikoitza izango du. Mugikortasun Astearen eta Sabideko festen barruan, XXV. Txirrindulari Txiki eguna ospatuko dute 6-12 urte bitarteko haurrentzat. 10:30ean hasita, Salbideko jolastokitik abiatuko dira, eta erdiguneko hainbat bide oinezkoekin eta ibilgailu motordunekin partekatzea tokatuko zaie. Salbiden amaituko da proba, eta parte hartzaile guztiek txokolatadaz gozatzeko aukera izango dute.

Antolakuntzak jakitera eman duenez, aurtengoa berrikuntza batekin dator. Xubik ere hartuko du parte, Mugikortasun departamentuak sortutako maskotak. Honen helburua, herritarrak, bereziki haurrak eta gazteak, "mugikortasun arduratsu eta errespetuzko baten alde lan egiteko beharraz kontzientziatzea" da. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak furgoneta bat jarriko du malekoian, Eguzkilore aurrean, eta 10:30etik 14:00etara, bizikletak konpontzeko zerbitzua eskainiko dute han.

 

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide