Irailaren 29an mugimendu berriak egongo dira Zarauzko saihesbidean. Saihesbidearen lehen zatia irekiko dute data horretan, AP-8 autobidearen irteerako biribilgune berriaren eta Abendañoko industrialdearekiko loturaren arteko zatia hartzen duena. Hala, Bilbotik Zarautzera datozen ibilgailuek autobideko irteera hartu eta biribilgune berrira iritsiko dira, handik Bustinzurira edo Frantzesbidera joateko aukera izanik.
Era berean, egun horretan bertan, biribilgune berriaren eta Astiko biribilgunearen arteko egungo irteera-adarra itxi egingo dute, zabaltze lanak egiteko. Lan horiek bi hilabete inguruko iraupena izango dute. Behin lanak amaitutakoan, zirkulazioa bideadar zabaldutik bideratuko da, eta, horrela, Zarauzko irteera hartzen duten ibilgailuek Asti biribilgunera sartu ahal izango dute, edo zuzenean Abendaño industrialderantz hartu, herri barrutik igaro gabe.
Bien bitartean, saihesbideko obrak aurrera doaz, eta astelehen gauean asfaltatze lanak egingo dituzte N-634 errepidean, Errotaberri industrialdea Astirekin lotzen den bidean. Lanak irailaren 21eko 21:00etan hasi eta irailaren 22ko 05:30era bitartean egingo dituzte. Hori horrela, AP-8 autobidea itxita egongo da denbora tarte horretan, Bilbotik Zarauzko noranzkoan.
Horrek eragina izango du trafikoan, beraz, Bilbotik datozen ibilgailuak Zestoa-Zumaia irteeratik atera beharko dute. Bestela, Aritzetan noranzkoa aldatzeko aukera ere badute Zarautzera datozen ibilgailuek.