Usoa Ostolazak eta Euskadi Fundazioak euren bideak banatu dituzte, eta aurrerantzean ez du Laboral Kutxan jarraituko, sei denboraldi bikain egin ondoren. Hain zuzen ere, txirrindulari zarauztarrak hiru urteko kontratua sinatu berri du Norvegiako Uno X Mobility taldearekin. Ostolazak "kirolari gisa amets egiten eta hazten jarraitzeko leku ezin hobea" bezala definitu du klub norvegiarra, eta "bihotza, profesionaltasuna eta anbizioa duen taldea" dela nabarmendu du.
2021ean elkartu zituzten bideak txirrindulariak eta Laboral Kutxa taldeak. Errepideko txirrindularitza profesionalera egin zuen jauzia urte hartan txirrindulari zarauztarrak, triatloia atzean utzita, eta ordutik, hamaika izan dira hark lortutako garaipenak; Burgosko Itzulian hirugarren postua, Espainiako La Vueltan laugarren postua, Faun Classic Femmesen bosgarren postua eta Pirinioetako Tourreko garaipena, 2024 eta 2025ean, besteak beste.
Esker hitzak besterik ez ditu izan Ostolazak azken urteetan bere etxea izan den taldearentzat. Bere hitzetan, egundokoa izan da etxeko taldearekin munduko lasterketa garrantzitsuetan aritzea. "Hazkunde prozesu paregabea izan da; taldeak txirrindulari eta pertsona gisa hazten ikusi nau, baina baita nik taldea bera ere. Ametsa izan da etxeko taldearekin munduko lasterketa garrantzitsuenetan lehen aldiz lehiatzea, taldeko sentimendu eta harrotasun guztiarekin, munduari gure nortasuna erakutsiz", azaldu du txirrindulariak.
Modu horretan, emakumeen txirrindularitzan itsasargi eta euskal harrobiaren ispilu bihurtu da Ostolaza, euskal txirrindularitza maila altuago batean kokatu du. Momentuz, irailaren 26an Munduko Txapelketa jokatuko du Montrealen (Kanada) Espainiako selekzioarekin.