Gaur arratsaldean emango diote hasiera Salbideko jaiei

Enara Ariznabarreta

Iazko Salbideko jaiak. (Julene Sorrarain eta Ian Ruiz Lizaso)

Gaurtik hasi eta igandera arte ekitaldi ugariz gozatzeko beta izango dute Salbideko bizilagunek, eta, oro har, herritar guztiek. Jaiei hasiera emateko txupinazioarekin batera, lau buruhandi berri aurkeztuko dituzte: Lasto, Asto, Maritxu eta Bartolo.

Pasa den asteburuan Zarauzko herritarrek Salbideko jaien lehen asteburuaz gozatzeko aukera izan zuten. Bigarren asteburu honetan festak aurrera jarraituko du, eta egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango da. Bigarrena izan ohi da indartsuena, izan ere, jaiei hasiera emateko txupinazioarekin batera, 18:00etan, lau buruhandi berri aurkeztuko dituzte: Lasto, Asto, Maritxu eta Bartolo. Auzoko panpin eta ikur den Itturriren lagun zahar bezala aurkeztu dituzte sare sozialetan zabaldu duten bideo batean, eta gaur egingo dute estreinako agerraldia, bizilagunekin batera kalejiran murgiltzeko.

Buruandiak aurkeztu ondoren, kalejira izango da pailazo, buruhandi eta erraldoiekin. Halaber, arratsaldean zehar, haur jolasak izango dira auzoko zelaietan. 19:15ean hasita, Hamarru elektrotxarangak giro paregabea sortuko du auzoko kaleetan, txosnatik hasita. 20:30ean, Auzoa Bizirik taldearen eskutik parrillada izango da, eta 22:00etatik aurrera, BZN, Malko eta Burutik taldeek kontzertu bana eskainiko dute.

Bihar, berriz, txirrindulari txikien itzulia egingo dute, Salbideko parketik hasita. 14:30ean, auzo bazkaria egingo dute, eta ondoren, bazkaloste girotuaz gozatzeko aukera izango da Beñat Intxauspe eta bere lagunen eskutik.

Honakoa da festetako egitarau osoa:

Bihar, larunbata

  • 09.00. Diana, auzoa girotzeko.
  • Goizean zehar, haur jolasak auzoko zelaietan.
  • 10:30. Txirrindulari txikien itzulia, Salbideko parketik hasita. Amaitzean, txokolatada.
  • 12:00. Petit Circus zirku ikuskizuna, A & B Shows taldearen eskutik.
  • 13:00. Poteoa auzoan zehar, musikaz girotua.
  • 14.30. Auzo bazkaria. Bazkaloste girotua Beñat Intxauspe eta bere lagunen eskutik.
  • 18:00. Nerabeentzako jarduerak, Haize Orratz gaztelekuaren eskutik.
  • 18:30. DJ Bull, Gereziondo eta Amatxilili plazen artean.
  • 22.30 Kontzertuak: Mugi panderoa eta DJ Jaleo.

Etzi, igandea

  • 11:00. Hamaiketakoa guztientzat, auzoko elkartearen parean.
  • 11:30. Moto eta patinete txikien lasterketa. 3-4 urtekoak moto txikien lasterketa, eta 5-6 urtekoak, patinete lasterketa.
  • 12:30. Zarautztrik trikitilariak eta erraldoiak auzoa girotzen.
  • 13:00. Toka Txapelketa, haurrentzat eta helduentzat.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide