Photomuseumek antolatutako eta Zarauzko Udalak babestutako Aula/Gela programaren barruan, Adimen artifiziala I ziklo berriari emango diote hasiera bihar. Ohi bezala, saioa 18:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da.
Zikloaren lehen saio honetan, ea makina gu ulertzeko, gugandik ikasteko eta ezagutza hori erabiltzeko gai ote den hausnartuko dute. Horretarako, hainbat dokumental eta film proiektatuko dituzte, adimen artifizialera zenbait ikuspegi desberdinetatik hurbiltzeko asmoz. Film eta dokumental horietan ikasteko gai diren makinen sorrera, manipulazioa, identitate digitala, zaintza, teknologiaren mendekotasuna eta adimen artifizialak gure kontroletik kanpo geratzen diren erabakiak hartzeko aukera landuko dira, besteak beste.
Zikloak honako galdera hau luzatuko die bertara gerturatzen direnei: zer gerta daiteke gure irizpide etiko edo moralak nahitaez partekatzen ez dituzten eta erabakiak hartzeko gai diren adimenak garatzen baditugu? Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo dute, eta publikoak parte hartzeko aukera izango du.