Mikel Urdangarinen kontzertua izango da datozen hilabeteetako kultur programaren baitan

Maddi Txintxurreta

Lilly Hiaten kontzertua Modelo Aretoan, iaz.

Zarauzko Udaleko Kultura sailak urritik urtarrilaren hasierara arteko eskaintza aurkeztu du. Poesiak abiatuko du kultur programa, eta urriaren 16an kontzertua eskainiko du Mikel Urdangarinek. Ostiralean jarriko dituzte salgai urrirako eta azarorako programatu dituzten emanaldietako sarrerak.

Urriaren 8an hasi eta urtarrilaren 8ra arte kultur eskaintza oparoa izango da Zarautzen. Irailaren 10az geroztik martxan dira liburutegiko ohiko solasaldiak zein Sanz Enea aretoko erakusketak, eta Udaleko Kultur sailak iragarri du dagoeneko zeintzuk izango diren Modelo aretoan eskainiko dituzten emanaldiak. Horien artean izango da Mikel Urdangarinen kontzertua, urriaren 16an.

Poesiak hasiko du programa: urriaren 8an, Jose Ramon Makuso idazleak Haragi hosto. Musipoema errezitaldia eskainiko du, bi musikarik lagunduta. Halaber, azaroaren 5ean, Felipe Juaristiren Eurialdi poesia errezitaldia izango da. 19:00etan hasiko dira bi emanaldiak.

Antzerkiari dagokionez, estreinatu berri diren zenbait lan ikusteko aukera izango da Modelon, horien artean, Lolak Kolektiboaren Zanbuila; urriaren 30ean eskainiko dute ahizpatasuna ardatz duen obra. Azaroan, Ados Teatroak bakardadearen gaia oholtzaratuko du ikusleen aurrean, 52 hertz lanarekin. Abendua umorez hasteko, berriz, Etxea ikuskizuna ekarriko du Amahiru konpainiak. Antzerkien eskaintza bikote harremanen inguruan hausnartzera bultzatzen duen la batekin amaituko da, Xake Produkzioak konpainiaren Sidari emanaldiarekin.

Urriaren 16an iritsiko da Zarauzko Udaleko Kultur sailak datozen hilabeteetarako prestatu duen programaren emanaldi nabarmenetako bat: Mikel Urdangarin kantariak kontzertua eskainiko du laukote formatuan, urte luzez bidelagun izan dituen musikariekin batera.

Herria Gabon giroan sartuta dagoenean, abenduaren 30ean, Lidia Insaustik, Noa Egigurenek eta Lide Hernandok osatzen duten Ispirit taldeak gospel emanaldi berezia eskainiko du. Aretha Franklinek utzitako ondarea aitortuko dute kontzertu horren bidez. Bestalde, 2027ko urtarrilaren 8an, Ibil Bedi taldeak hartuko du Modelo aretoko oholtza.

Aurten 15 urte bete dituen Donostiako Cielo Raso konpainiaren Euforia ikuskizuna izango da helduei zuzendutako dantza emanaldi bakarra, azaroaren 13an. Koreografia poetikoa eta hizkuntza fisiko indartsua erakutsiko dituzte Toni Agilera, Maialen Mariezkurrena, Jon Veernier, David Candela eta Ainhoa Usandizaga dantzariek.

Musika, antzerki zein dantza emanaldiak 20:00etan hasiko dira.

Haurrentzako programatutako eskaintza ere hartuko du Modelo aretoak. Hala, urriaren 18an, Galiziako Teatro O Cubok antzerki fisikoa eta objektuen manipulazioa uztartuko dituVoo antzezlanean. Azaroan, berriz, bi emanaldi izango dira: Kay Robot, Ameztu antzerki taldearena eta Filar, Antonella D’Ascenzi Italiako konpainiarena. Abenduan, familia mota desberdinen inguruan ariko da Lasala konpainiaren Alai familian ikuskizuna, dantzaren erritmoak baliatuta.

Sarrerak ostiralean salgai

Ostiralean, 19:00etatik aurrera, jarriko dituzte salgai urriko eta azaroko emanaldietarako sarrerak, Modelo aretoko lehiatilan nahiz Kutxabanken plataforman. Abenduko eta urtarrileko emanaldietako sarrerak, aldiz, azaroaren 20tik aurrera egongo dira eskuragarri. Txarteldegia zabalik egongo da zinema saioak dauden egunetan, pelikulak hasi baino 45 minutu lehenago.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide