Itasua IATko langileek manfiestazioa egingo dute urriaren 1ean Zarautzen

Enara Ariznabarreta

Itasua IATko langileak egin duten agerraldian, gaur goizean. (ELA sindikatua)

Bergara eta Zarauzko IATko langileek gaur goizean egindako agerraldian adierazi dutenez manifestazioa egingo dute urriaren 1ean Zarautzen. Era berean, astebete lehenago, Bergaran egingo dute, Irala kaletik hasita, arratsaldeko 19:00etan.

Bergara eta Zarauzko IATko langileek agerraldia egin dute gaur goizean Bergaran, uztailean hasitako lan gatazkarekin geldirik jarraitzen dutela salatzeko. 68 egun daramatzate greban, eta enpresari zein Eusko Jaurlaritzari "behingoz" arduraz jokatzeko eskaera egin diete. "Enpresarekin bilera izan genuen uztailaren 23an Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan, negoziaketa desblokeatzeko asmoz langile ordezkariok deituta. Bilera horretan gure aldarrikapenak ez ziren kontuan hartu, enpresak entzun ere ez bazituen egin, eta egoera larritzen doa", adierazi dute.

Halaber, jakitera eman dutenez, langileetako batek kaleratze-gutuna jaso du, eta beste zazpi beharginek enpresaren aldetik salaketak jaso dituzte. Argi utzi dute enpresak hartu duen jarreraren aurrean ez direla kikilduko: "Enpresak emandako pausu hauek atzera botatzen ez baldin badira, ez da akordiorik egongo". Gainera, azken hilabeteetan, Bergara, Zarautz eta inguruko herrietako biztanleek ere beraien kezkak adierazi dizkiela nabarmendu dute.

Datozen egunetan

Egoerak ondorio larriak ekar ditzakeela adierazi dute, "Zarautzen eta Bergaran zerbitzua ez da ematen ari, eta inguruko herrietako IATak kolapso egoerarantz doaz". Horrela jarraituz gero, herrien segurtasuna behar bezala bermatzea ezinezkoa izango dela salatu dute, eta "zerbitzu publikoa den heinean" Eusko Jaurlaritzari dagokion erantzukizuna hartzea eskatu die.

Beharginek mobilizatzen jarraituko dute egoera konpondu arte. Horregatik, manifestazioa egingo dute irailaren 24an Bergaran, Irala kaletik hasita, arratsaldeko 19:00etan. Urriaren 1ean, berriz, Zarautzen egingo dute. Parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak, eta era berean, langileei babesa emateko eta Eusko Jaurlaritzan aurkezteko sinadura bilketak jarri dituzte martxan; Bergaran IAT aurrean sinatzeko aukera egongo da. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide