Gutuna

Bainu egokituak

Jon Landa, Unai Garate, Julen Espila, Adur Korta eta Unax Lopez bainu egokituko erabiltzaileak

Getariako bainu egokituko zerbitzuaren eremua. (Utzitakoa)

Jon Landa, Unai Garate, Julen Espila, Adur Korta eta Unax Lopez Getariako bainu egokituko erabiltzaileek ondorengo gutuna helarazi diote Gukari.

Getariako hondartzako bainu egokituen erabiltzaileak gara. 2026ko ekainaren 13an hondartzako denboraldiari hasiera eman zitzaionetik, ahal izan dugunean itsasoko uretan freskatzeko modua izan dugu, kontuan hartuta, gainera, aurtengo uda bereziki beroa izan dela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2005 eta 2006 urteetan desgaituentzat bainu egokituen proiektua jarri zuen martxa Getariako eta Hondarribiko hondartzetan, halako programen beharra zegoela ikusita. Desgaitasun bat dugunok (fisikoa nahiz psikikoa) uda sasoian hondartzara joateko eta, lagunduta, itsasoan bainatzeko aukera paregabea izaten dugu, gure egoera partikularrera egokitzen den zerbitzua delako. Hortik dator "bainu egokituak" izena. Gure onespena eta esker ona Gipuzkoako Foru Aldundiari programa honengatik. Bide batez, herri gehiagotara zabaltzeko komenentzia aztertzea ere eskatu nahi genuke, erabiltzaileak Gipuzkoako herri guztietatik etortzen direla garbi baitago, eta inoiz gertatu izan da gainera plazak betetzeagatik norbait zerbitzurik gabe geratzea. Beraz, hortxe doa gure eskaera.

Gutako askok ezingo genuke inola ere gure kasa moldatu, eta ezinbestean norbaiten laguntza behar izaten dugu hondartzara iritsi eta bainua hartu arteko prozesu osoan. Bada, hor sartzen da aurten Getariako hondartzan gure ondoan izan dugun giza taldea, gaztea, zein baino zein jator eta prestuagoa, furgonetaz edo autoz aparkalekura iristen garenetik edozertan laguntzeko beti prest, arreta osoa eskainiz. Gertukoa, eskuzabala.

Bainu egokituaren erabiltzaileok eskerrak eman nahi dizkizuegu gure bizitza errazagoa egiten laguntzeagatik.

Eskertuko genuke datorren udan ere horrelako talde bat ondoan izatea!

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide