Salbide auzoko jaien barruan, gaur goizean kronoeskalada herrikoia jokatu dute bigarren urtez ikusmin handia sortuz. Aratz Olaizola eta Maite Aldabaldetreku izan dira hiru kilometroko proba zorrotza osatzen bizkorrenak, eta haientzat izan dira aurtengo txapelak eta auzoko Itturri maskotaren panpinak. Olaizolak bederatzi minutu eta lau segundo behar izan ditu Salbideko parketik Elkano auzoko bidegurutzera iristeko; Aldabaldetrekuk, berriz, hamabi minutu eta 21 segundo.
Guztira, 71 lagunek hartu dute dute parte kronoeskaladan, iaz baino hemezortzi gehiagok, eta eguraldia lagun zutela, San Blaseko aldapa gogorra gainditu dute, ibilbidean zehar pilatu den jendearen animoek bultzatuta. Proba herrikoia izanik, denetariko partaideak izan dira: denbora ona egitera atera direnak, lagunartean ongi pasatzeko asmoz izena emandakoak, jaiaz gozatzera irtendakoak edota erronka modura aldapa igo dutenak.
Hori horrela, antolatzaileek bestelako sari batzuk ere banatu nahi izan ditu. Adibidez, talde onenarena Dotore Bisma Ofizialarentzat izan da, eta arroparik originalenarena Mikel Fernadezi eman diote; azken hori bizikleta atzean panpin bat eta puxika bat zuela atera da. Animo gehien jaso duen parte hartzaileari ere oparia eman diote: dinosauro jantzita atera den Gorka Agouesek jaso du esker onez. Bukaeran, proban parte hartu duten guztien artean sari mordoxka bat zozkatu dituzte.