Anestesiak atseden mugagabea hartuko du bira amaitzean

Intza Trula

Anestesia taldea. (Utzitakoa)

Erantzun diskoaren urtemuga bira eskainiko du Anestesiak urritik abendura bitartean. Bost kontzertu "berezi" izango dira: Bilbon, Biarritzen, Azpeitian, Atarrabian eta Gasteizen. 

Erantzun diskoaren 30. urteurrena ospatzeko asmoz, bira "berezia" prestatu du Anestesia taldeak. Aipatu diskoa "garrantzitsua" izan zen taldearentzat 90eko hamarkadan, "taldearen estiloa finkatzeko balio izan baitzuen". Taldeak jakitera eman duenez, bost kontzertuz osatutako bira izango da, eta horien ostean, atsedenaldi mugagabea hartuko du.

Urrian hasiko dute bira, eta abenduan amaitu: Bilbon (urriak 10), Biarritzen (urriak 24), Azpeitian (azaroak 14), Atarrabian (azaroak 21) eta Gasteizen (abenduak 19) izango dira kontzertuak. Aurreratu dutenez, Erantzun diskoa osorik joko dute zuzenekoetan, baina taldeak inoiz jo ez dituen abestiak ere entzun ahal izango dira.

Bira amaitzean, denbora batez emanaldiak eskaintzeari utziko diotenez, Anestesiak ohartarazi du denboraldi batean taldea ikusteko aukera bakarrak datozenak izango direla. Bilboko Kafe Antzokiko sarrerak agortu dira jada, baina beste kontzertuetarako sarrerak eskura daitezke oraindik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide