Zarautzi buruzko gradu eta master amaierako lanak egiteko bekak eska daitezke

Aritz Mutiozabal

Iazko Zarautzi buruzko GRAL eta MAL proiektuen bekadunak (Julene Sorarrain)

Eskalatzaileek urriaren 15era arte izango dute horretarako aukera. Zarautzen erroldatutako 21 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago laguntza. Gehienez ere 1.000 euroko hamar beka emango dituzte. 

Azken urteetan bezala, Gradu Amaierako Lanak (GRAL) eta Master Amaierako Lanak (MAL) diruz laguntzeko bekak emango ditu Zarauzko Udaleko Gazteria sailak. Ekimenaren helburua da unibertsitateko ikasketak egiten ari diren herriko gazteak ikasturte amaierako lanetan Zarauzko errealitateak aztertzera animatzea. Hori horrela,  herriarekin erlazioa duten proiektuak –ekimenak, zerbitzuak, industria, historia eta antzerako gaiak– lagunduko dituzte diruz.

Urriaren 15era bitartean eskatu ahal izango da beka, Herritarren Arrera Zerbitzuan aurrez aurre edo Zarauzko Udalaren webgunean telematikoki. Eskatzaileek 21 eta 30 urte bitarteko gazteek izan beharko dute, eta beharrezkoa izango da Zarautzen erroldatuta egotea, azken hiru urteetan etenik gabe edo gutxienez hamar urtez etenekin. Era berean, ezinbestekoa izango da 2025-2026 ikasturtean GRAL edota MAL ikasgaian matrikulatuta egotea, eta garatutako lana Zarautzi buruzkoa izatea eta euskaraz. 

Gehienez ere hamar beka emango dituzte, 1.000 euroko laguntza lan bakoitzeko. Nolanahi ere, proiektuak gutxienez 6ko kalifikazioa eduki beharko du fakultatean, eta hori horrela izango ez balitz, onuradunek ez dute bekaren bigarren zatia jasoko eta lehenengoa itzuli egin beharko dute. Prozesuaren amaieran aurkezpen ekitaldi bat egingo dute, non bekadunek landu dituzten proiektuen nondik norakoak azalduko dituzten jendaurrean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide