Burgosen aurka jokatuz ekingo dio ligari Amenabar Zarautzek, etxean

Aritz Mutiozabal

Amenabar zarautz taldeko jokalariak eta prestatzaileak elkarrekin, Pau Billere B taldearen aurka jokatuako partidaren ondoren. (Luis Epelde)

Bihar jokatuko dute Zilarrezko Ohorezko Mailako lehen jardunaldia, 19:30ean hasita, Aritzabatalde kiroldegian. Aurkari sendoa izango du aurrez aurre Zarauzko eskubaloiko gizonezkoen lehen taldeak; izan ere, Burgosko taldeak hirugarren postuan amaitu zuen iaz.

Berriro Zilarrezko Ohorezko Mailara itzulita, asteburu honetan emango dio hasiera denboraldiari Amenabar Zarautz eskubaloi taldeak. Larunbat arratsaldean jokatuko du ligako lehen jardunaldia, 19:30etik aurrera, Aritzbatalde kiroldegian, herriko zaletuen aurrean, eta estreinako partidan UBU San Pablo Burgos taldea izango du aurrez aurre. Aurkari zaila izango da, zalantzarik gabe; izan ere, iazko denboraldian hirugarren bukatu zuten burgostarrek liga. Edonola ere, Mikel Agirrezabalaga Kapaxko-k gidatzen duen taldea gogotsu dago, eta garaipen gosez irtengo dira kantxara.

Gainera, denboraldiaurrean jokatu dituzten norgehiagoketan itxura ona eman dute Zarauzko jokalariek. Lehen lagunartekoan 32-30 irabazi zuten Pau Billere B taldearen aurka, Aritzbatalden; ondoren, Zilarrezko mailan aurkari izango duten Sinfin kantabriarren aurka hiru golengatik galdu zuten, 34-31ko emaitzarekin, Santanderren; Romori, berriz, 31-29 irabazi zioten, Usurbilen jokatutako partidan; eta, azkenik, Eibarren aurka, etxean, 26-40 galdu zuten, baina norgehiagoka horretan lehen taldeko jokalari gutxik jokatu zuten, gehienak bigarren taldekoak eta jubenilak izan baitziren.

Ligako bigarren jardunaldia, berriz, etxetik kanpo izango dute. Irailaren 19an izango dute, Gudalajararen kontra, 16:30ean. Beste aurkari zail bat zarauztarrentzat: Gaztela-Mantxako taldea Asobal ligatik jaitsi berria da, eta sailkapeneko goiko postuetan aritzeko faborito nagusienetako bat izango da aurten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide