Ikasturte berriarekin batera, Mollarri judo klubak ateak zabalduko ditu beste urte batez, judoa probatu, praktikatu edo hobeto ezagutu nahi duten herritarrei aukera eskainiz. Iraileko azken bi asteetan egingo dituzte ate irekien saioak, 5 urtetik gorako herritarrei zuzenduta eta adin mugarik gabe.
Astearte eta ostegunetan egingo dira saioak, Aritzbatalde kiroldegiaren bigarren solairuan: gaztetxoentzat 17:00etan, eta helduagoentzat 19:00etan. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute mollarrijudo@gmail.com helbidean.
Mollarri Judo Klubak 5. urteurrena beteko du aruten. Judoan ibilbide luzeko herriko kirolari beterano talde batek sortu zuen kluba 2021ean, Zarautzen kirol hori indartzeko elkarte baten beharra ikusi ondoren. Ordutik, elkarteak judoa sustatzeko hainbat jarduera antolatu ditu. Hasieran, gazte eta helduentzako entrenamenduak eskaini zituzten Aritzbatalde kiroldegian, eta ondoren ikastetxeetara ere zabaldu zuten jarduera, adin ezberdinetako herritarrei judoa ezagutzeko aukera emanez. Urtez urte hazten joan da kluba, eta iazko ikasturtea 100 ikasle ingururekin amaitu zuten. Datorren ikasturtean kopuru hori handitzea espero dute, eta judoa herritar guztientzat "irisgarri" egiten jarraitzea.